Angel Blanco Egoskozabalen lanak iragarriko ditu madalenak
Haurren kategorian, Egoitz Nogueira Pikabearen lana aukeratu du epaimahaiak aurkeztutako gutzien artean; oreretarraren lanak haurren programa ilustratuko du.
Angel Blanco Egoskozabal artista errenteriarraren kartela izan da madalenetako kartel lehiaketaren irabazlea. Arkupetik lanak ilustratuko du jaietako egitaraua, baita kartelak ere. Ez da lehiaketa irabazi duen lehen aldia, eta aurten gainera, Iruñeko sanferminetako irudia ere bere beste lan batek jarriko dio.
1050 euroko diru saria ere eskuratuko du errenteriarrak, kartel lehiaketa irabazita.
Haurren kategorian, Egoitz Nogueira Pikabea oreretarraren Festa doinu lana izan da irabazlea epaimahaiak hala erabakita. Trukean, 150 euroko saria jasoko du gazteak, eskola materiala erosteko, eta gainera, bere lanak ilustratuko du haurren programa. Herritarren saria, berriz, Txupinazo alaia lanak irabazi du; Libe Agirre Saez de Urturi errenteriarrarena da.
Maitane Eskudero udal kultur dinamizatzaileak, Yolanda Martin ziengotziak, Jose Manuel Martinez jai batzordeko kideak, Nora Goialde artista eta Herri Arte Eskolako irakasleak, Garbiñe Ramirez Xenpelar Tailerretako zeramika irakasleak eta Urtzi Ibarguen artistak osatu dute epaimahaia, eta beraiek arduratu dira kategoria orokorreko zein haurren saileko lan irabazleak aukeratzeaz.
134 lan aurkeztu dituzte osotara aurten madalenetako kartel lehiaketara, 97 kategoria orokorrera, eta 37 haurren kategoriara. Horietatik guztietatik 50 aukeratu dira erakusketarako: 38 kategoria orokorrekoak eta 14 haurren kategoriakoak. Herritarren parte hartzea ere nabarmen jarri du Eskuderok kartel irabazleak jakitera emateko egindako agerraldian: “Herritarrek bozkatzeko aukera dute, eta aurten, denera, 374 boto jaso dira”.