Indarkeria matxistaren inguruko protokoloa eguneratzeko eskatuko dio udalak Ertzaintzari
Hiru puntu onartzea eskatu dute Andreok Oreretaren izenean aurkeztutako mozioan. Alderdi guztiek babestu dute proposamena.
Duela hilabete eskas zabaldu den ertzain batek emakume bati egindako eraso matxista plenora heldu zen atzo. 2021ean egin zuen eraso matxista hori Errenteria-Oreretako ertzain etxeko biolentzia matxistako biktimen unitatean lanean ari zen ertzain batek. Urtarrilean zabaldu zen prentsa bidez ertzain hori zigortu zutela, eta duela hilabete, berriz, Errenteriako ertzain etxeko agentea zela.
Andreok Oreretaren izenean mozioa aurkeztuta, gaia plenoan aztertu zuten atzo. Oreretako Asanblada Feministako kide den Ainara Artetxek hartu zuen hitza, eta gertaerak galdera asko utzi dituela airean nabarmendu zuen, den-denak, momentuz behintzat, erantzunik gabekoak. Besteak beste hiru urte hauetan zehar erasoa jazo zuen emakumeak laguntzarik jaso duen, zergatik ez den gaia atera argitara, Ertzaintzak zein protokolo duen halako kasuetan, eraso egin zuen ertzaina zergatik ez zuten kaleratu… Galderak hamaika, eta eskaerak hiru atzo udalari. Erasoa jazo zuen emakumeari herriaren elkartasun osoa adieraztea, egungo egoeraz galdetu diezaion, eta bere egoera lehengoratzeko eskura jartzea udalak dituen bitarteko guztiak.
Herritarren kezkaren jakitun egin dezala, bestalde Ertzain etxea, eta eskatzea berrikusi, eguneratu eta hobetu ditzala protokoloak bortxa matxistaren biktima diren emakumeak artatzerakoan.
Hirugarren eskaera, berriz, polizien arteko komunikazioarekin lotuta egin zuten: “Udaltzaingoa eta udalarekin dituen harremanak eta komunikazioak hobetzea, herritarrekin gardentasunez joka dezan”.
Alderdi politiko guztiek aho batez babestu zuten mozioa eta gertatutakoari “onartezina” iritzi zioten. Eraso matxista oso larria izan dela bat etorri ziren guztiak, baita emakumeari elkartasun osoa adierazteko unean ere.