Ostiralean, Errotaren Udaberri Festa
Pasaia-Lezo Lizeoko guraso taldeak ekintzaz betetako arratsaldea prestatu du ostiralerako. Lezoar orok parte har dezake Udaberri Festan.
Pasaia-Lezo Lizeoko Lezoko Errota guraso taldeak Udaberri Festa antolatu du ostiralerako (hilaren 31rako). Herriari irekia izango den ekintza sorta 17:00etan hasiko da, Karlos Saldise plazan eta Xalto pailazoaren partaidetzarekin: arratsalde osoko festa izango da.
Hainbat txoko edo gune atonduko dituzte plazan (ur txokoa, mozorroena, eraikuntzarena, zirkuarena, eskulanena edo jolasena), eta familiek adinaren araberako materialak zein jarduerak baliatu ahal izango dituzte haurrekin batera festarekin bat egiteko. Festa bukatzeko aulkien jolasa egingo dute, eta ondoren askaria egingo dute: familiek eramango dituzte jakiak, eta otorduan lagundu nahi dutenei eskatu diete bizkotxoa edo patata tortilla eraman dezatela. Saski eder baten zozketa ere izanen da.
Pasaia-Lezo Lizeoko Lezoko gurasoek osatua da Errota. Urteak daramate ikastola barruan hainbat proiektu lantzen, zein herrira begirakoak garatzen, “herrian euskara sustatzeko eta komunitatea sortzeko” ekintzak proposatuz. Ekintza horietatik gehienak Lezo Herri Eskolako Hezikuntza guraso taldearekin elkarlanean garatzen dituztela zehaztu dute.
Udaberri Festa antolatzen urte asko daramatela adierazi dute Errotakoek. Herriari zabalik den jarduera izanik, bai Lizeoko familiei zein hala nahi duten guztiei agertzeko gonbita luzatu diete.