Zaintza duintzeko aldarria babestu du plenoak
Sanmarkosene eta Jesusen Bihotza adinekoen egoitzetan bizi duten egoera plenora eraman dute herri eragile, langile eta senideek. Zaintza duintzeko eskaerak EH Bildu, PSE-EE, eta Elkarrekin Podemosen babesa jaso du.
Sanmarkosen eta Jesusen Bihotza egoitzetako egoera larria, udal plenora heldu zen atzo. Mozioa aurkeztu zuten bertan zaintza publiko unibertsal duinaren aldeko lanean ari diren herri eragileek —Auzo elkarteak, jubilatuen elkarteak, Oreretako Mugimendu Feminista, Oreretako Bilgune Feminista, Duintasuna elkartea— egoitzetako langileek, eta erabiltzaileen senideek. Kezkatuta azaldu ziren foro horretara udalari esku har dezan eskatzeko. Gipuzkoako Foru Aldundia da egoitzetako arduraduna eta gaur-gaurkoz Errenteria-Oreretako bi egoitzetan bizi den egoerari aterabide egoki eta batez ere erabiltzaile zein langileentzat duina izango dena exijitzeko eskatu zioten udalari atzo.
Zaintza publiko unibertsal duina “ezinbestekoa” jo dute egoitzen egoeraren salaketa egin eta aterabidea eskatzeko lanean ari diren eragileek. Beste behin ere, mahai gainean, lehen lerroan jarri zuten atzo eskaera hori. Javier Sanz Duintasunako ordezkariak aurkeztu zuen mozioa. Bi gogoeta egin zituen Duintasunako kideak mozioan sakondu aurretik. Lehena langileekin lotu zuen, estu, “mobilizazio bi hilabete hauek elkartasun eta erresidentzien egoeraren gaineko ezagutza esperientzia izan dira guretzat, eta bi gauza argi gelditu zaizkigu: bata aiton-amonen bizitzen inguruan sortutako negozioa, eta bestea, zaintzaren pribatizazioa. Baina garrantzitsuena, langileen profesionaltasuna, enpatia eta aurretik dena eman diguten adineko horiekiko konpromisoa. Mila esker langile guztiei”.
Bigarren gogoeta alderdi politiko guztiei zuzendu zien, bereziki, aldundiaren gobernuan ari direnei: “Egoitzetan zaintzan lanean ari diren emakumeak nola sentitzen diren kontatu nahi dizuet lehenik, gaizki tratatuak sentitzen dira, esplotatuak”. Horri indarra emateko datu bat eman zuen Sanzek, langile horien %30 %40 artean lan baja egoeran aurkitzen dira.
Bi agiri erakutsi zituen ondoren: 2030 urtera arteko Gizarte Politiketako zaintza agenda eta etorkizuneko erresidentzietarako trantsiziorako agiria edo “liburu berdea”. Gogor salatu zuen Sanzek: “Sanmarkosenen eta Jesusen Bihotza egoitzetan ez da halakorik. Hor agenda berderik ez dago, dagoena, semaforo gorria da, arrisku bizian dira biak”. Gizartea pandemiatik irteten ari zen unean aurkeztu zirela bi horiek azaldu zuen Duintasunako ordezkariak, “1.450 adineko hil ziren pandemia testuinguru horretan” eta helburua Araba, Bizkai eta Gipuzkoako erresidentzietan fase berria zabaltzea zela, “ez da hori errealitatea. Bizkaia, Araba eta Gipuzkoako egoizetako erabiltzaileen hainbat senide elkarteekin harremanetan jarri eta ondorio bat atera dugu: zaintza hitzarmen hori egiteko inolako borondaterik ez dago gainontzeko alderdi politikoekin, gehiengo sindikalarekin, edota erabiltzaileen senideen elkarteekin”.
Zaintzen gaiarentzat, aterabidea
Joan den urteko azaroaren 30eko greba feministak planteatutako zaintzen gaineko aferari eta emandako irtenbideei ere ez diela erantzun 2030 agenda horrek agerian utzi zuen Sanzek: “Guk badugu alternatiba, greba feministaren edota pasa den martxoaren 8ko mobilizazio erraldoien testuinguruan agerian utzi genuen bezala: Zaintzarako eskubidea unibertsala behar du, kalitatezkoa, zaindua den pertsonaren autonomia bermatu behar du. Etxeko zaintza profesionalizatu egin behar da, integratzailea bilakatu behar da, eta kudeaketak publikoa behar du. Adinekoen egoitzak eta eguneko zentroak publikoak behar dute eta haien kudeaketak ere publikoa behar du, hurbilekoa, eta komunitatearen parte hartzearekin. Langileek lan baldintza duinak izan behar dituzte, etxeko zaintza egiten duten langileen profesionalizazioa aitortu behar da. Zaintzak ezin du emakumeen kontua izan, edota senide artekoa, ezin du emakumeen betebeharra izan, gizonok erantzunkide izan behar dugu. Horiek guztiak gutxienekoak dira, oinarri-oinarrizkoak”.
Errealitatea, ordea, oso bestelakoa dela salatu zuen Sanzek atzoko bere mintzaldian. aldundiaren Gizarte Zerbitzuetako zuzendariarekin izandako bileran Gizarte Politiketako Zaintza Agenda eta liburu berdea erakutsi badiete ere, Errenteria-Oreretako bi adinekoen egoitzetan halakorik ez dagoela salatu zuen eta harago jo: “Egoera onartezina da, eta guk ez dugu onartuko gertatzen ari dena. 300 adineko ditugu egoitza horietan egoera gizagabean”.
Horiek atzo aurkeztutako mozioaren “zutabeak” direla gaineratu zuen Sanzek: “Zaindu gintuztenen zaintzak ezin du minutu bat bera gehiago itxaron, eta guk ez dugu bestaldera begiratuko, egoerak ikaragarri kezkatuta gaituelako”.
Ondoren egoitzen egungo egoeraren erradiografia egin zuen Duintasunakoak, hainbat adibide eta datu emanda: “Muturrekoa dela egoera diote langileek, lan karka eta langile faltak ezinbestean dakarren arreta ezegokiaren ondorioz. Afaltzen dutenetik gosaltzen duten artea 12 eta 15 ordu artean pasa daitezke, gainontzeko orduetan egiten dituztelarik beste lau otorduak; 08:00etan jaikitzen direnetik 22:00ak arte gurpildun aulkian ematen dituzte ordu horiek guztiak egoiliarretako asko; aldundiak gutxieneko bi dutxa ditu ezarrita astean, baina langile faltak gutxieneko hori ere ez betetzea dakar. Eskaintzen zaiena hortaz, oso urrun dago dituzten beharretatik”.
Zaintzari eragiten dio, baina ez soilik horri, garbiketa eta sukaldeari ere eragiten dio langile faltak eta horren erakusle, batzuetan otorduak kartoizko plateretan eta plastikozko mahai tresnekin eman izana.
Mozioaren bidez eskaera zehatza egin dutela nabarmendu zuen Sanzek: “Egoiliarren, gure adinekoen eta erresidentzietako langileen baldintzak duintzea. Udalari eskatzen diogu egoera larri honi irtenbidea emateko galdegin diezaion Gipuzkoako Foru aldundiari, aldundia da, egoitzen kudeaketaren arduraduna. Konpromisoa eskatzen diogu udalari halaber, jarraipena egin dezan, ratioak betetzen direla eta dagokion langile kopurua dagoela bermatzeko”.
EAJk mozio alternatiboa
Mozio alternatiboa aurkeztu zuen EAJk, eta bertan bi egoitzetan zerbitzua hobetzea eskatu zuen “aldundiaren liburu berdeak jasotzen duen moduan”.
Horren ostean, alderdi politikoen txanda heldu zen. PPko Antonio Vicentek hartu zuen hitza, lehenik, azaltzeko mozioa irakurrita eta bertan azaltzen den larritasunarekin kezkatuta bi egoitzetara joan zela: “Lanean ari dira hobetzeko, aldaketak iritsiko dira baina denbora behar dute. Mozioa gehiago lotzen dut lan kexa batekin. Egoiliarrek ez didate kexarik jakinarazi, eta ongi zainduta daudela esango nuke beraiek hala esanda”.
Elkarrekin Podemoseko Yolanda Martinek gaiak “guztiei eragiten” diela esan zuen, “adinekoak ditugulako gertu edo gure kargura, edota denok helduko garelako adin batera eta ongi zainduak izan nahiko dugulako .2023ko datuen arabera, udalerriko biztanleen %23,8 65 urtetik gorakoa zen eta %7,3 80 urtetik gorakoa eta oraintxe bertan Araba, Bizkai eta Gipuzkoan 6.800 plaza falta dira erresidentzietan ratioa bermatzeko”. Argi esan zuen Martinek, ezin duela zaintzak eta pertsonek elementu merkantila izan irabaziak lortzeko eta pribatizazioaren aurka azaldu zen, “erresidentziak publiko izanagatik sukaldea, edota garbiketa esku pribatuetan uzten dute, eta hori betiere kalterako izaten da”. Sektore feminizatua dela zaintzarena ere aipatu zuen, eta salatu bertan ari diren langileen lan baldintzak.
Elixabete Murua EAJren bozeramaileak bat etorri zen erresidentzia eredu berri batera jauzi egiteko beharrean, “horretan ari da ere aldundia eta erdigunean egoiliarrak jarri behar ditugu. Hobetzeko gauzak daude eta bide horretan jarraitu behar dugu”. Emandako datuekin kritiko azaldu zen jeltzalea, arazoak “puntualak” izan baitira haren ustetan, “bestela kexa izanez gero inspekzioa egingoz en eta halakorik ez da egin. argi dago indarrean dagoen ereduak ez duela balio, eta horretarako lanean ari da aldundia; ezinbestekoa da alderdi guztiak entzun eta elkarlana sustatzea bide horretan”.
PSE-EEko Isaac Palenciak hartu zuen hitza ondoren esateko gizarte zerbitzuak lehentasuna direla eurentzat; ez soilik adinekoak, baita haurrak, menpekotasun egoeran daudenak, edota indarkeria matxistaren biktimak direnak, edo buruko osasun arazoak dituzten pertsonak”. Palenciak ere datu esanguratsu bat eman zuen, hamar urte barru, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako biztanleriaren erdia 55 urtetik gorakoa izango dela, “zahartutako jendartea izango da gurea. Horrek ezinbestean zaintzarekin lotutako zerbitzuen eskaera igotzea ekarriko duela erakusten digu. Orain arte indarrean izan den zaintza eredua, ez da nahikoa, ez egokia eta despertsonalizatua dela agerian gelditu da, eta dugun errealitatera moldatzeko bitarteko gehiago bideratu beharko da”. Pertsonak “erdigunean” jarri beharra nabarmen jarri zuen, bestalde, eta datu bat gehiago eman: “65 urtetik gorako pertsonen %82 nahiago du etxean egon, eta soilik %3,1 nahiago du erresidentzia”.
2019tik datorren egoera
EH Bilduko Eñaut Graciak hartu zuen hitza bukatzeko. Atzera begira jarri zen Gizarte Zerbitzuetako zinegotzia gogora ekartzeko kezka eta salaketa hau ez zela berria, 2019an langileek gaia plenora eraman zutela, “ez da beraz, hilabeteko kontua”. Bestalde, subjektu izaera aitortu zien EH Bildukoak egoitzen egoera salatu eta zuzentzeko lanean ari diren eragile guztiei, “zilegitasun osoa duzue”. Martxoan egoiliarren senideekin bildu zirela ere aipatu zuen zinegotziak, eta bertan jasotako testigantzen “gogortasunari” erreparatu zion, “gogorra da langile, senide eta eragileek egin duten egoeraren kontaketa, eta ezin dugu halako egoera batera ohitu, ezin dugu normaltzat eman aldatu nahi dugu errealitate bat”.
Eragileek aurkeztutako mozioa babestuko zuela koalizio subiranistak esan zuen ondoren, bi arrazoirengatik: “Ispiluaren aurrean jartzen gaituelako mozioak, pertsonak izaki sozialak, interdependenteak gara eta zaintza behar dugu bizitzaren une ezberdinetan: haurtzaroan, gaixotzen garenean, zahartzaroan… Zaintza hori modu askotakoa izan daiteke, etxean, zentroetan, familia artean, baina aitortu behar da gehien-gehienetan emakumeek egiten dutela. Denok nahi dugu zahartzarora heldu, eta behin horretara iritsita gutako inork, gure kolore politikoa dena dela, ez genuke nahi hemen kontatu diren baldintza horietan zainduak izan; denok nahi dugu zaintza duin bat”.
Bigarren arrazoia mozioa babesteko arazoa ez dela berria: “2019tik dator. Orduan lan baldintzak eta artaren kalitatea izan ziren hizpide, bost urte joan dira, eta musika bera entzuten ari gara. Gure elkartasun osoa duzue”.
Mozioak aurrera egin zuen EH Bildu, PSE-EE, eta Elkarrekin Podemoseko zinegotzien aldeko botoekin. EAJk kontra egin zuen, eta PPk berriz, abstentzioa.
EAJren mozioak ere aurrera egin zuen EAJren eta PSE-EEren aldeko botoekin, eta EH Bildu, Elkarrekin Errenteria eta PPren abstentzioarekin.