Aste Antifaxista antolatu dute Oiartzunen
Ekainaren 4tik 9ra, egungo faxismoari buruzko hitzaldiak zein faxismoaren kontra borrokatu zirenak oroitzeko ekitaldiak antolatu dituzte.
![jordina arnau](https://oarsoaldea.hitza.eus/site/files/2024/05/p004-f01_41_650x393.jpeg)
Kattin Txiki elkarteak, Biyurrieneak, Euskal Pirinioak Askatasun Bideak elkarteak eta EH Bilduk elkarlanean Aste Antifaxista antolatu dute.
Datorren astean izango dira data horiek, asteartean hasi eta igandera arte (ekainaren 4tik 9ra bitartean).
Egungo Europan dagoen faxismoari buruz arituko dira asteartean Iker Eizagirre eta June Iartza Iratzar Fundazioko kideak, Arizmendienean.
Ostegunean, toki eta ordu berean, Jordina Arnau eta Maialen Arteagak faxismoak sare sozialetan dituen arrisku eta amuez arituko dira.
Hurrengo ostiralean, berriz, partisanak omenduko dituzte, poesia eta dantza uztartuko dituen ekitaldi batekin, pleno aretoan. Ekainaren 8an ginkana antifaxista egingo du Biyurrieneak, Baga, Biga, Liga gazte olinpiaden barruan.
Datorren asteko igandean izango da azkeneko ekitaldia. Endarltsan, bi mugalari omenduko dituzte.
Egitaraua
- Ekainak 4, asteartea: Faxismoa Europan, gaur hitzaldia, Iker Eizagirre eta June Iartza Iratzar Fundazioko kideekin. 18:30ean, Arizmendienean.
- Ekainak 6, osteguna: Faxismoa eta sare sozialak hitzaldia, Maialen Arteaga (sare sozialetan aditua) eta Jordina Arnaurekin (Guía práctica sobre la extrema derecha liburuaren egilearekin). 18:30ean, Arizmendienean.
- Ekainak 7, ostirala: Partisanak omentzeko ekitaldia (gazteleraz), Xabier Susperregi eta Ana Mendiola dantzari eta poetarekin. 19:00etan, udaletxeko pleno aretoan.
- Ekainak 8, larunbata: Biyurrienearen ginkana antifaxista, Baga, Biga, Liga olinpiaden barruan. Goizean zehar.
- Ekainak 9, igandea: Bi mugalariri omenaldia, Endarlatsan, 09:00etan. Maddi Sansberro oiartzuarrari eta Maritxu Anatola irundarrari. 14:30 aldera, azken omenaldia Ergoiengo Sarobe baserrian. Euskal Pirinioak Askatasun Bideak elkarteak antolatuta.