Gazte Egunean izena emateko epea larunbatean hasiko da
Ekainaren 1ean bete ahal izango da galdetegia. Aurten bost aukera emango dituzte. Eskertza Egunerako azken eguna, bihar.
Norberak egun seinalatuak izan ditzake, egutegian gorriz markatzen direla esaten diren horietakoak. Oiartzungo gazteek kartelak egiteko balio duen punta lodiko edding gorri batekin markatutako eguna bada: abuztuak bost dituela esaten duena.
Xanistebanak bigarren erdian sartuta direnean etortzen da gazteentzako egun handia, Gazte Eguna. Prestaketa lanak aspaldi hasi ziren, eta larunbatean —ekainak 1— irekiko dute izena emateko epea. Iaz izan zen inoizko kopururik handiena: 930 lagun elkartu ziren plazan, arrosa kolorez jantzita.
Aurten jantziko duten kamiseta berde iluna izango da. Botila kolorekoa, antolatzaileek jakinarazi dutenez, beste berde mota batzuekin ez nahasteko.
Joan nahi duten gazteek galdetegia bete beharko dute, eta larunbatean bertan Biyurrienearen sare sozialetara igoko dute. Galdetegia “arretaz” irakurri eta betetzeko eskatu dute antolatzaileek, eskaerak ez baitituzte aldatuko.
Bost aukera izango dira aurten, norberak bere komenientziara moldatzeko:
- Kamiseta.
- Zapia.
- Kamiseta eta zapia.
- Kamiseta eta bazkaria.
- Kamiseta, zapia eta bazkaria.
Aurtengo bazkarirako arau berri batzuk jarri ditu Gazte Eguna antolatzen duen talde motorrak, festa egun hori denen gozagarri izan dadin.
Eskertza Eguna
Lehenagorako, ekainaren 8an, Eskertza Eguna antolatu du Biyurrieneak. Gazte taldearen ekitaldietan parte hartzen edota antolakuntzan ari direnei eskertzeko eguna da, baita Gazte Eguneko talde motorrari aitortza egitekoa ere.
Sarrera guztiak agortu dira, eta itxaron-zerrenda jarri dute, joan nahi duenarentzat. Bihar —hilak 31— izango da izena emateko azkeneko eguna. Galdetegia bete behar da, eta haiek jarriko dira interesdunekin harremanetan.