"Auzoa egiten" jarraitzen du Meipik
Meipiko Jaien balantzea egin berri du jai batzordeak. "Arrakastatsuak" izan direla ondorioztatu dute, ekitaldi eta ekintza guztietan parte hartze handia izan baita.
Hilaren 24tik 26ra bitarte festa izan zen nagusi Meipin. Hirugarren jaiak ospatu zituzten auzotarrek, aurten ere, egitarau oparo batekin. Meipiko Jai Batzordea pozik agertu da aurtengo jaiekin, balorazioa egin berri du. “Arrakastatsuak” izan direla ondorioztatu dute, ‘Txintxo’-ri egindako omenaldia, alkate txikien txupinazoa, Puro Relajoren kontzertua edo paellada herrikoia horren adibide izan direla esan dute. Eguraldia lagun izan zuten ostiral eta larunbatean eta igandean euria egin bazuen ere, ez zuen festa zapuztu. “Programatutako ekitaldi guztietan parte hartze handia izan da, kontuan hartzeko modukoa. Jai Batzordearen barruan gogobetetze maila handia dela esan dezakegu, bizilagunek jaiez gozatu dutela uste dugulako. Gainera, horrelako ekitaldiek auzoa egiten laguntzen dutela uste dugu”.
Eskerrak eman dizkiete “modu batera ala bestera” jaiak aurrera ateratzen lagundu duten norbanako, dendari, tabernari eta babesleei, “beren laguntza eskergagatik eta gure txokora gure jaiez gozatzera hurbildu diren pertsona guztiei”.