[Erreportajea] Bi gurpilak maite dituztelako
OTXEk hamar urteko ibilbidea bete berri du. 80tik gora txirrindulari ari dira bertan, «mugarik gabe» formatzen edota lehian. Lasterketak ere antolatzen dituzte, txirrindulariei aukerak emateko.
Hamar urte bete ziren otsailean Oarsoaldeko Txirrindularitza Eskola (OTXE) sortu zenetik. Arkaitz Iza eta Olatz Olasagasti elkarteko lehendakari eta lehendakariorde dira, hurrenez hurren. Babesleak bilatzeaz hitz egiten ari dira, Hitza-rekin jarritako hitzorduan.
«Horrelako eskolak desagertzen ari dira», esan du Izak. «Babesleak konturatzen dira zein garrantzitsuak diren eskolak, hor baitaude etorkizuneko txirrindularien oinarriak. Babesleak ikusten du zenbat lan egiten ari garen etorkizunari begira», gaineratu du Olasagastik. Hamalau babesle kontatu dituzte guztira; ekarpen txikia izanagatik, jasotako dirua hainbat jarduera antolatzeko erabiltzen dute: lasterketak antolatu, materiala erosi, begiraleak formatu eta ordaindu, bidaietarako… Hamar urte bete zituen OTXEk pasa den otsailean. Izak gogorarazi du nola hasi zuen ibilbidea eskualdeko txirrindularitza eskolak, zazpi txirrindularirekin. Aiako Harria BTT Maratoiaren soberakinetan du abiapuntua. Izan ere, lasterketa pasata, diru kopurutxo bat geratzen zitzaien, eta mugitu gabe uzten zuten, badaezpada ere. Diru horrekin zerbait egin behar zutela pentsatzen zuten, gazteekin edo. «Deiak egiten hasi nintzen: Mikel Astarloza, Dorleta Eskamendi eta Ane Santesteban, errepidekoak; Asier Maeztu, pistakoa; Igor Eskudero, BMXekoa; Urko Munduate, mendiko bizikletakoa…». Kontatu zien diziplina guztiak irakatsi nahi zituztela eskolan, eta bakoitza hilabetez aritzea lan horretan. Egindako probak balekoak izan ziren, eta aurrera egin zuten. Oiartzungo Udalak soberan zituen BMX edo Allerruren errepideko txirrinda batzuekin hasi zuten ibilbidea.
Errepideko modalitatea da ezagunena, baina OTXEk guztiei eman nahi zien garrantzia. Izaren esanetan, mesedegarria da hilero modalitatez aldatzea, «industriagune batean bueltaka ibilita ez aspertzeko». Haur Mailakoak zirenak kadete bilakatu ziren, eta irtenbidea eman behar zitzaien. Batzuk errepidera joan ziren, beste diziplinak ahaztu gabe, Laguntasunara; trabak etorri ziren, araudiak eskola eta kluben arteko bateraezintasuna ezartzen baitzuen. Taldea sortu behar izan zuten.
Egungo zenbakiei errepasoa eman die Izak: «Eskolan 45 txirrindulari ditugu, kimu eta haur mailakoak. Lau talde osatu ditugu, begirale banarekin», esan du Izak. Oinarrizko lana egiten dute hor. 14 urtetik gora, berriz, 36 txirrindulari dira. Guztira, 81 txirrindularik janzten dute OTXEren maillot berdexka, mauka arrosa edo berde argiekin. «Horietatik hemezortzi neskak dira. Ez da zenbaki makala», zehaztu du Olasagastik.
Neska bakarrarekin hasi zen eskola —Neska bakarrarekin hasi zen eskola —bertan jarraitzen du—, eta OTXEko zuzendaritzako kideak pozik daude emakumeak ugaritzen ari direlako bertan, baina baita edozein kiroletan ere. «Gero eta neska gehiago ari dira kirolean, eta gero eta emakume gehiago ikusten dira txirringaren gainean. Erreferenteak ikusteak gazteak animatzen ditu», Olasagastiren arabera.
Ez dagoen tokian, sortu
Olasagasti OTXE sortuta zegoenean sartu zen eskolan. Hala ere, mendi bizikletaren mundua ezagutzen zuen aurretik. «Mendi bizikletan heldutan hasten ziren guztiak, lagun edo ezagunen batek hasiarazita. Oso librea zen dena, eta ume askok ez zekiten hori egiteko aukerarik bazegoenik. Orain, behintzat, eskualdean aukera hori egotea, txikitatik formakuntza hasteko, positiboa da», esan du. Mendiko bizikletara iristea, berez, errazagoa dela uste du Izak, guraso gehienek baitute baten bat etxean, eta Oarsoaldeko inguruak —Jaizkibel, Urdaburu, Ulia, Bianditz eta Aiako Harria zerrendatu ditu— egokiak direlako horretarako. «Errepideak, gainera, ez dira egokienak». Gaintxurizketa da horren paradigma, edo Donibanera joateko bukatu gabe dagoen bidegorria.
Mailak pasatu ahala, gainera, estimulu berriak izaten dituzte OTXEko txirrindulariek. Hala, kadeteetan ukitzen dute lehen aldiz Anoetako belodromoko pista, edo —errepidean— 50 unitateko tropelak dituzten lasterketak 200ekoak bilakatzen dira. Mendiko bizikletan, berriz, Oiartzungo Txara bezalako parkeetan egiten diren zirkuituetatik mendira pasatzen dira; ez kolpez ibilbide zailenetara, pixkanaka baizik. «Pazientziaz eta erakutsiz lan egiten dute begiraleek», esan du Olasagastik. Presarik ez dutela erantsi du Izak, eta 14 urterekin ezin dutela Tadej Pogacar bat eduki. Edo Leo Messi bat. «Munduan bakarrak dira horrelakoak. Eta besteok, ongi pasatzera joan behar gara, bizitzan bezala».
«Munduan bakarra izango da Pogacar. Besteok ongi pasatzera joan behar gara» Arkaitz Iza, OTXEko lehendakaria.
Sailkapena helburu bakarra ez dela berretsi du Olasagastik, baina horrek ez diela txirrindulariei kenduko ahal duten onena ematea. Emaitzek taldea motibatzen dutela gaineratu du Izak, eta Eneko Olveira eta Iraia Zapirainen kasuen berri eman dute. «Ziklokros denboraldia egin dute, neguan, probatzeagatik eta mendiko bizikletarako entrenatzeagatik. Gauzak ongi ateratzen hasi zitzaizkien, gustura sentitzen ziren, eta gauza batek bestea ekarri zuen», azaldu du Olasagastik. Gainera, Olveiraren taldekidearen kasuan, ziklokroseko taldekako sailkapenean goian ibiltzeak akuilatu ditu kide guztiak.Sailkapena helburu bakarra ez dela berretsi du Olasagastik, baina horrek ez diela txirrindulariei kenduko ahal duten onena ematea. Emaitzek taldea motibatzen dutela gaineratu du Izak, eta Eneko Olveira eta Iraia Zapirainen kasuen berri eman dute. «Ziklokros denboraldia egin dute, neguan, probatzeagatik eta mendiko bizikletarako entrenatzeagatik. Gauzak ongi ateratzen hasi zitzaizkien, gustura sentitzen ziren, eta gauza batek bestea ekarri zuen», azaldu du Olasagastik. Gainera, Olveiraren taldekidearen kasuan, ziklokroseko taldekako sailkapenean goian ibiltzeak akuilatu ditu kide guztiak.
Erreferente
Gaur egun, OTXE erreferente da mendiko bizikletan —«nahiz eta askotariko diziplina duen taldea garen», egin du ñabardura Izak—, espezializatuta daudelako. «Gipuzkoan beste talderik ez dago», gaineratu du. Beste erreferentea, Euskadiko Federazioaren barruan daudenen artean, Bilboko Miribilla taldea da. Espainiako Estatuan ere ezagunak direla jakinarazi dute, eta hainbat txokotatik jasotzen dituztela lasterketetan parte hartzeko gonbidapenak. Olasagastik argi dauka: «Lasterketa batean ‘OTXEtik nator’ esaten badu norbaitek, kokatzen dute zein den kluba, non dagoen, eta nola ari den. Ez da gutxi!».
Miribillaren aipuari berriro helduta, Izak esan du Bizkaian gazteago direnean hasten direla bizikleta gainean entrenatzen, «bospasei urterekin». Gipuzkoan Eskola Kirola egoteak ez du hori ahalbidetzen. «Ongi iruditzen zaigu Eskola Kirola egotea, errespetatu behar da, baina gustatuko litzaiguke kirol gehiago probatu ahal izatea, mendiko bizikleta edo ziklokrosa, kasu. Edo errugbia. Edo… Futbolean txarra denak, esaterako, beste kirol batera joateko aukera izango luke, bere ezaugarriekin gehiago bat egiten duena». Izan ere, bakoitzak bere momentua duela gaineratu du Olasagastik, eta norberak jarriko dizkiola erronkak bere buruari. «Sailkapenak eta podiumak heldu dira, bai, baina ez exijitu zaielako, baizik eta ikusten dutelako ahalmena dutela eta iritsi direlako. Beraien kabuz konturatzen dira», dio.
«[Estatuko] lasterketa batean ‘OTXEtik nator’ esatean, kokatzen dute nongoa den kluba»
Olatz Olasagasti, OTXEko lehendakariordea.
Kirol arlotik kanpoko faktoreak ere kontuan hartzen dituzte txirrindularien erritmoa errespetatzerakoan. Gazte Mailan —bereziki— bizitzaren beste arloetan iniziatzen dira gazteak, eta horiek errespetatzen dituzte. Edo ikasketak direla eta, ikasturtean zehar lehiatu ezin izan direnek aukera dutela udaran lehiatzeko. «Lehendakari Txapelketa horretarako sortu zen, 18-20 urte arteko gazteentzako, ekainetik aurrera egiten baitira lasterketak. Guk ez duguna nahi da norbaiten ibilbidea etetea; ikasketak noizbait bukatuko dira, eta nahiko genukeena da ondoren ere lehian jarraitzea. Bakoitzaren autodiziplinaren esku uzten ditugu erabaki horiek», azaldu du Izak. Taldeko neskak kexu dira beraientzako lasterketa gutxi izaten direlako. Mendiko bizikletan, OTXEk antolatzen duena bakarrik dago Gipuzkoan, eta errepidekoak ere gutxi dira. «Mutilek dituzten txapelketekin alderatuta, oraindik gutxi dira», esan du Olasagastik. Emakumeentzako lasterketa gehiago egon daitezen, OTXEk Ane Santesteban Txirrindulari Saria antolatzeko ardura hartu zuen. Kadete eta Junior mailakoei zuzenduta dago, eta Euskal Herriko lehen lasterketa da egutegian. Parte-hartze handia izan zuten.
Lartaunek 74 urtez antolatu izan duen Xanisteban Txapelketa ere burutu zuten estreinakoz, Oiartzungo txirrindulari elkarteko zuzendaritzako kideek erretiroa hartuta. «Telefonoa hartu eta baietz erantzun behar izan genuen, bestela lasterketa desagertuko zelako. Hainbeste urte eta gero bertan behera uzteak pena ematen zigun. Iazko abuztura arte antolatu zituzten lasterketak mistoak izan dira, eta xanistebanetakoa gizonena bakarrik zenez, Ane Santestebanen omenezkoarekin berdindu nahi izan zuten parekidetasun irizpidea.
Guztira sei lasterketa antolatzen dituzte, otsailetik uztailera. Azkenekoa pasa den asteburuan izan zen, Urkaben. «Ditugun baliabide ekonomiko eta pertsonalekin, nahiko genituzke gehiago antolatu. Ikusi behar noraino irits gaitezkeen. Errekurtso kontua da guztia», nabarmendu du Olasagastik. Lasterketak antolatzea defizitarioa dela esan dute, eta gazteak gustura ikusteagatik egiten dutela. «Azkenean, dena dago lotuta. Jendeak ikusten du txirrindularitza probak egiten direla, aukera ematen dela, eta babesleak eurak ere errazago hurbil daitezke». Hala ere, babesleak lortzea erraza ez dela penatu dira, baina bat egiten dutenek jarraitu ohi dutela.
Kluba hazten ari da, eta kide batzuk kanpora lehiatzera joaten hasi dira, lortutako emaitzengatik, Alemania, Suitza edo Txekiara, eta hori guztia finantzatzeko laguntza behar dute. Formatzen jarraituko dute, mugarik gabe, bi gurpilak maite dituztelako.