Antxoko aparkalekuan sortutako gorabeherengatik "barkamena" eskatu du udal gobernuak
Astelehen eta asteartean Luzuriagako parkingean film baten grabaketak eragindako gorabeherengatik barkamena eskatu diete antxotarrei. "Koordinazio falta" egon dela diote.
Pasaiako udal gobernuak gutun bat zabaldu berri du, antxotarrei zuzendutakoa. Honetan barkamena eskatu nahi diete Antxoko auzotarrei, “astelehen eta asteartean pelikula baten grabaketaren ondorioz aparkalekuan sortutako gorabeherengatik”. Luzuriagako parkingean izan ziren gorabeherak.
Erakundeak argitu du , “justifikazio gisa balio izan gabe”, udaleko sailen artean “koordinazio falta” egon dela, eta ondorioz, “grabaziorako baimena kudeatzen zen bitartean ezin izan dela kudeatu aparkaleku alternatiboen gaikuntza, okupatutako plazen konpentsazio gisa”. Horrez gain, afekzio horiek ez dituztela “behar bezala jakinarazi” esan dute udal gobernuko kideek.
“Barkamena eskatzen dizuegu berriro, eta halako egoerak errepika ez daitezen bermatzeko dugun konpromisoa berresten dugu. Gure lehentasuna pasaitarren ongizatea zaintzea da. Beraz, ez da berriz ere antzeko baimenik emango, baldin eta aurreikusitako aparkaleku gabeziari erantzuteko alternatibak bermatu ezin badira”, esan dute.
