Metraiak film labur jaialdiaren bigarren ekitaldia, igandean
Lehian arituko diren hiru film proiektatuko dituzte Landetxen, igandean. Horrez gain, oiartzuarrek errodatutako beste film bat ikusi ahal izango da.
Marina Perosanzen 'Muskil' filmeko fotograma bat. Oiartzungo Gazte Sortzaileek (Orgasmok) bigarren aldiz antolatu dute Metraiak jaialdia. Film laburren jaialdia da, eta hiru lanek hartuko dute parte aurtengo ekitaldian. Igandean izango da jaialdiaren proiekzio sorta.
Lehian arituko diren hiru lanez gain, Oiartzunen egindako beste bat ere emango dute Landetxeko auditorioan. Lau filmen emanaldia 20:04an hasiko dela jakinarazi dute, eta sarrerak salgai daude, 5 euroan.
Filmak
- Deserri – Imanol Gonzalez
- Aitor anaia zaharrari buruzko dokumental bat grabatzen ari da. Denbora darama etxetik pasa gabe eta hutsune hori erretratatzen hasiko da. Egun batean, New York hirian eginiko eragiketa baten ziurtagiria helduko da etxera eta honek atzerrira bidaiatzera eramango du, anaiaren bila.
- Bazkaria – Oihane Oyarzabal eta Paula Franco
- Nerwi bere lagunaren etxera doa bazkaltzera. Berak eramaten du plater nagusia. Xiflak bazkaria prestatzen du. Jaten duten bitartean, bere gauzei buruz hitz egiten dute.
- Muskil – Marina Perosanz
Ixabel eta Pedro Muskil baserrian bizi diren adineko bikotea dira. Ixabelek baserrian lanean pasatzen ditu egunak, Pedrok, ordea, tabernan. Egun batean, Luisa ondoko baserrira etorriko da bizitzera. Ixabelengana hurbildu ahala, Pedroren tratu txarrak susmatuko ditu, eta emakumeen arteko harremana estutzen den heinean, Pedroren jeloskortasuna eta oldarkortasuna areagotuko dira. - Erahil – Izaro Retegi (Lehiaketatik kanpo)
- Aioraren bizitza hankaz gora jarriko du bere mutil-lagun Aitorren heriotzak egun batetik bestera. Psikologoarenera joko du egoerari aurrera egin nahian. Lortuko al du? Zer da barrua hustutzen duena? Zer da, atzean utzi ezinik, gutxinaka hiltzen gaituena?
