Oarsoaldea Urdina lehiaketa, bigarrenez, "proiektu berritzaile" bila
Itsas eta portuko deskarbonizazioa, eraginkortasun energetikoa eta ontzien elektrifikazioa bezalako esparruetan ideia eta proiektu berritzaileak bilakatzeko asmoa du lehiaketak. Bihartik aurkeztu daitezke proposamenak.
AZTI zentro teknologikoak dena prest du Oarsoaldea Urdina lehiaketaren bigarren ediziorako, bihartik (hilak 7) aurrera proposamenak bidali daitezkeela jakinarazi berri du zentroak. Lehiaketa honek “itsas eta portuko deskarbonizazioa, eraginkortasun energetikoa eta ontzien elektrifikazioa bezalako esparruetan ideia eta proiektu berritzaileak bilakatzeko” asmoa du. Oarsoaldea garapen agentziaren eta Pasaiako Portuko Agintaritzaren lankidetzatik heldu zen iaz egitasmoa, “Gipuzkoan itsasoari lotutako ondasun eta zerbitzuen eskaintza dibertsifikatzeko” asmoz, eta horrela, “haren hazkunde ekonomikoa eta ekonomia urdinaren inguruan lanpostu berriak sortzea bultzatzea” du helburu.
AZTIko Itsas Teknologiako zuzendari Julien Maderrek ekonomia urdina Europako Itun Berdearen estrategiaren parte dela gogorarazi du, “itsasoari lotutako jarduera ekonomikoen hazkunde iraunkorra bultatzeko” asmoa duena. Lehiaketa honek ekintzailetza bultzatu nahi du. Nagusiki lehendik dauden enpresei zuzenduta badago ere, star-upei, langile autonomoei eta ekonomia urdina sustatzeko ideia eta proiektu disruptiboak dituzten doktorego edo masterreko ikasleei ere irekita dago lehiaketa.
Hilaren 30era bitarte (igandea da) aurkeztu ahal izango dira garapen etapa desberdinetako ideiak eta proiektuak, honako eremuetan: itsas eta portu sektorearen deskarbonizazioa, itsasoari lotutako energia berriztagarriak, ontzien elektrifikazioa eta autonomia, akuikultura, itsas behaketa, klima aldaketaren ondorioetara egokitzea, itsas jatorriko produktu edo osagai berriak, edo eskualdearentzat garapen aukera bat den itsasoarekin lotutako edozein eremu.
Orotara 100.000 euro banatuko dituzte, hiru kategoriatan banatuta: oinarrizko ideiek 12.500 euro jasoko dituzte, merkaturatu aurreko fasean dauden proiektuek 25.000 euro jasoko dituzte eta fase komertzialean dauden proposamenek 50.000. “Kategorizatzeko TRL sailkapena erabiltzen dugu, garapen teknologiko baten heldutasun maila ebaluatzen duena. Gainera, ideiak Euskadi osoan izan dezakeen eskalagarritasun potentziala baloratuko da”, azaldu du Maderrek. Diziplina askotariko talde batek ebaluatuko ditu proposamenak.
2024ko edizioaren emaitzak AZTIren webgunean argitaratuko dituzte, uztailaren 19a baino lehen. Lehiaketaren oinarriak eta xehetasun gehiago lotura honetan kontsulta daitezke.
