"Pozik" ageri da PSE-EE, tentsio handiko eremuaren izendapenagatik
Besteak beste, neurria alderdiak Espainiar Gobernuan eta Eusko Jaurlaritzan egindako lanaren ondorio dela adierazi dute.
Errenteria-Oreretako PSE-EEren udal taldeak “pozik” jaso du etxebizitza alorrean udalerria eremu tentsionatu izendatzearen berria. Neurria alderdiak Espainiar Gobernuan eta Eusko Jaurlaritzan egindako lanaren ondorio dela adierazi dute, eta egoerari buelta emateko baliabideak eskuratuko dituela udalerriak.
Udal taldeak gogorarazi du otsailean, Etxebizitza Udal Plana onartzerako garaian, haien proposamen bakar bat ere ez zuela onartu udal gobernuak. Aipatu dute talde sozialistaren proposamenek topoaren lurperatzea, auzo guztietarako eraberritze planak, eraberritzea behar duten udalerriko etxebizitzen gaineko azterketa edota hutsik dauden etxebizitzei aterabidea jaso zituztela. Herrian alokairuko etxebizitzen eskaintza oso urria dela adierazi dute, eta batez ere 950 eurotik gorako eskaintzak direla. Udal plana onartu zenean, alderdi guztiekin lan egiteko mahaia sortuko zela iragarri zen, baina oraindik behin ere bildu ez dela salatu du PSE-EEk.
Aurrerantzean, hiru urteko epean Etxebizitzaren Udal Plana inplementatu beharko da Errenterian, eta PSE-EEk premiazkoak uste dituen neurriak mahaigaineratu ditu. Esaterako, Babes Ofizialeko Etxebizitza parkea zabaltzea, hutsik dauden etxebizitzen kopurua murriztea, emantzipatzeko laguntzak ematea, edota auzoen eraberritzea.