"Orain askoz zailagoa da kartel lehiaketak irabaztea"
Errenteriarrak festak iragartzeko kartel lehiaketa asko irabazi ditu. Aurtengoan, gainera, bi sari oso berezi lortu ditu: bere herriko madalenetakoa eta Iruñeko sanferminetakoa.

Blanco udaletxeko arkupeetan inspiratu zen madalenetako
kartel iragarlea osatzeko [Arg.: Garazi Agirresarobe].
QR kode bat duen kamiseta bat duela agertu da zitara, berak diseinatutakoa: bere Instagram konturako lotura agertzen da. Irakurleak bertara gonbidatu ditu, lanak ikustera. Hasieratik argi utzi nahi izan du kartelak egitearena hobby bat besterik ez dela, bere ogibidea bestelakoa baita.
Zure bi kartelek beste hainbeste jai iragarriko dituzte: munduko festarik onenak eta Iruñeko sanferminak. Zein sentsazio sorrarazten dizu horrek?
Hala da, eta ordena horretan, zehazki. Kanpoan irabazten dudanean, beti esaten dute donostiarra naizela, baina ez: ni errenteriarra naiz, eta gehien bizi ditudan festak madalenak dira, begien bistakoa izan daitekeen bezala.
Sentsazioak ezberdinak dira. Sanferminetakoak nazioarteko oihartzuna du, eta oso garrantzitsua da. Madalenetakoari dagokionez, nire herriko festak iragartzeko kartela nirea izango dela jakiteak ilusio handia egiten dit. Madalenak bizitzen ditudan moduan bizita, harrotasun handi batek asebetetzen nau.
Sanferminetan, iruindarrek biziki duten unetxo bat islatu duzu kartelean: La Pamplonesa gaiteroen banda agertzen dena. Horretarako, murgiltze-lanketaren bat egiten duzu, kartela osatu aurretik?
Iruñeko kartelak beti islatzen ditu entzierroaren eta antzeko ekitaldien errekurtso tipikoak. Hangoek oso propio sentitzen duten zerbait islatzeko gogoa nuen, Errenterian txupinazoa izan daitekeena. Kuxkuxean hasi nintzen, eta konturatu nintzen gaiteroen gaia ez zela askotan agertu, eta askotan errepikatu dudan moduan, momentu izugarri polita iruditzen zait. Irudi zenitalak ikusten dituzu, eta ikusgarria da: jendeak laino antzeko bat inguratzen du, ia irensteko punturaino. Iruñeko jendearekin hitz egiten aritu nintzen, eta eurentzako txupinazoa bezain garrantzitsua da momentu hori.
Madalenei dagokienez, hemengo jendearentzako momenturik garrantzitsuena txupinazoa da. 2016an Txunpa, txunpa, txunpa zioen kartel batekin irabazi nuen, eta oso harro nago harekin. Errenteriako jendeak azkar interpretatzen du itxuraz sinplea dirudien kartela. Xanti eta Maialen oso ikusita daude, eta horregatik jotzen dut txupinazora. Buruan dut datorren urtean aurkeztuko dudana.
Epaimahai profesional batekin, kontzeptuarekin gehiago joka dezakezu
Lehenengo kartel lehiaketa ikasten ari zinela irabazi zenuen. Ordutik sari asko jaso dituzu. Kopurua kontatuta al duzu?
40 bat izango dira. Egia esan, ez naiz lehiaketa askotara aurkeztu. Ratio ona dudala esan dezaket, etor bitez begiraleak [barrez]. Madalenetakoetara, sanferminetakora eta Irungo sanmartzialetakora aurkezten naiz, hurbiltasunagatik, beste pare batekin batera. Horrez gain, Galiziako Terras Gauda upategiaren biurteko lehiaketan ere parte hartu ohi izan dut. Nazioartean sonatuena izango den kartel lehiaketa da, eta behin bigarren geratu nintzen. Mundu osoko jendea aurkeztu ohi da, eta gure mundu horretan oihartzun handia du, prestigioduna da, nahiz eta hortik kanpo jende gutxik ezagutzen duen.
Jaso dituzun sari guztiek aho-zapore bera uzten al dute?
Ilusioa egiten didate beti. Jendeak esan ohi dit «Hara! Berriro irabazi duzu…», baina ez da erraza. Sanferminetakoak galbahe pila bat pasa behar ditu. Gainera, online parte har daitekeen lehiaketak izanda, jende askok aurkezten du bere lana, toki guztietakoak. Horregatik, orain askoz zailagoa da irabaztea: ez dituzu kartelak inprimatu behar, lehiakide gehiago daude… Irabazten badut, poza sentitzen dut; galduz gero, ez naiz umore txarrean jartzen.
Zaletasun bat da, besterik ez. Sanferminetakoa, adibidez, jendeak gutxiestera jotzen du. «Nire arrebak herrenka eta sukarrarekin kartel hobea egingo luke» bezalako esaldiak entzun ditut. Uste dut frustrazio horiek hobeto kudeatzen ikasi behar dela.
Iruñekoarekin jarraituta, kartel asko aurkezten dituzte. Aurten, 635. Finalera iristeak bakarrik asebetetzen al du?
Bai, baina behin hamar finalisten artean geratzea lortu duzula, irabazi nahi duzu. Hain hurbil ikusten duzu, ezen irabazi nahi baituzu. Noizbait finalera iritsi naiz, irabazi gabe, baina bi egun atsekabetuta pasatu ondoren, aurrera. Hala ere, bozketaren tendentzia ikusten duzu lehen orduetan, eta azkeneko emaitzetan sorpresa gutxi izaten dira.
Noizbait kartelen bat egin al duzu jendeak zer gustuko duen jakinda, eta zure gustuak alde batera utzita?
Egin izan dut jendeari gustatu eta aldi berean nik ere gustuko ditudanak. Eta egin ditut nire gustuen araberakoak, baina jakinda jendeari ez zaiola gustatuko. Hori dute herri bozketek; epaimahai profesional bat duzunean kontzeptuarekin jolas dezakezu pixka bat gehiago, edo diseinuaren profesionaltasunarekin. Adibidez, kartel oso kontzeptualak egin ditut, baina ziur nago ez luketela galbaherik pasa ere egingo.
Ez zaizkit herri epaimahaiak asko gustatzen. Elkarte bateko presidente-edo bazara, boto asko dituzu ziurtatuta, eta ni ez naiz botoak eskean ibiltzearen aldekoa. Nagia handia ematen dit horrela hasteak, gainera.
Festetako sariketetan bakarrik parte hartzen al duzu, Terra Gaudasekoaz gain?
Hiriburuetakoan parte hartzen dut, baina oso mugatua nago lanarekin. Dibertitzen naiz kartelak egiten, baina lehiaketa askotan aurkeztuko banitu nire lanak, egun osoa arituko nintzateke horiek egiten. Gauza gehiago egitea maite dut: lagunekin egon, kirola egin… baina baita ezer egin gabe egotea ere, gorputza eta buruari atsedena eman behar zaiolako; horretan ikasi beharko genuke.
Noizbait kartel sarituren bat ikusi al duzu zeinarengatik pentsatu duzun ‘uste dut hemen intrusismo pixka bat dagoela…’?
Pintoreren batek egindako kartelekin, agian, gertatu izan zait. Margolari bat margolari bat da, eta kartelgile bat, kartelgile. Ez dut nire burua artistatzat hartzen; diseinatzaile grafikoa naiz. Ez dakit definitzen artea zer den, baina uste dut artea egiten duen norbaitek, zerbait egiterakoan, ez duela pentsatzen lehiaketa bat irabazi behar duenik, edo jendeari gustatu behar zaionik. Uste dut artistek beste arrazoiengatik egiten dituztela adierazpenak, beste zerbaitek mugiarazten dituela. Suposatzen dut denetarik egongo dela; gai komertzialetik jotzen duenik egongo da.
Ate asko ireki al dizkizu zure palmares horrek?
Egia esan, ez. Nire egunerokoan ez dut ezer sumatu, nahiz eta badirudien sanferminetako kartela irabazteak sona ematen duela. Lan egiten dut branding-ean, webguneen diseinuan, bideoen edizioan, eta abar. Diseinu grafikoarekin zerikusia duten gauzak egiten ditut, salbuespen pare bat kenduta. Egongo da halakorik, baina niri ez didate sekula enkargurik egin. Atlantikaldiatik, adibidez, ez naute inoiz deitu.
Errenteriar batentzat txupinazora joatea dagoen gauzarik politenetakoa da
Urte asko daramazkizu diseinatzaile grafiko gisa. Asko aldatu al da hasi zinenetik?
[Kalkuluak egiten hasi da] 35-36 urte daramatzat. Duela urte batzuk egindako kartelak ikusten ditut, eta ez zaizkit gustatzen. Aktoreek esaten dute ez dutela beren burua filmetan ikustea atsegiten, niri berdin gertatu izan zait. Ez ditut gorroto; baizik eta beste zerbait egingo nuke. Arroparekin antzekoa gertatzen da: duela hamar urteko argazki bat ikusten duzu, eta badirudi oparitu egin dizutela! [Barrez dio]. Zerbait naturala da.

[Argazkilaria: Garazi Agirresarobe Barandiaran]
Adimen Artifiziala kartelgintzara ere iritsi da. Zein da horrekiko duzun iritzia?
Ez da planteatu dudan zerbait. Adimen Artifizialarekin egindako gauza asko txundigarriak izan daitezke, baina kontzeptu aldetik, oso-oso urruti daude oraindik. Hotz uzten naute. Baina hau gaur esaten dut; gauzek hartu duten martxa ikusita, ez dakit noraino iritsiko garen argazki, bideo edo ilustrazioetan. Giza adimenak duen punturik sendoena da kontzeptuarekin joka dezakezula. Adibidez, ‘txupinazoa, madalenak, errenteria‘ jartzen baduzu Adimen Artifizialarekin, ez dut uste Xanti eta Maialen agertuko direnik. Hori oso urrun ikusten dut oraingoz.
Lehiaketaren saria jasotzearekin batera ez dira festak bukatzen, ezta?
Hor hasten dira festak! Garai batean, madalenetako lehiaketaren sari ematea uztailaren 22an izan ohi zen, goizeko 10etan, eta esan dezakedana da hor asko sufritu dudala. Asko, asko, asko [barrez]. Orain astebete lehenago ematen dute.
Irabazten baduzu, beraz, ez duzu sufritzen.
Orain energiaz lepo joan zaitezke saria jasotzera, %100ean. Festak uztailaren 21ean eta 24an ospatzen ditut, horiek dira markatuta ditudanak. Aurtengo madalenetako txupinazoa, gainera, udaletxetik bizituko dut. Txapa pixka bat eman diet udalekoei, eskatuz lehiaketako irabazleak balkoitik ikusteko ohorea izan dezala. Udalari eskertu nahi diot detaile hori izateagatik, nigatik eta etorriko direnengatik. Errenteriar batentzat txupinazora joatea dagoen gauzarik politenetakoa da.
[Angel Blanco Egoskozabalen lanak ikusteko, jo bere Instagrameko profilera]