Hegada morea etorkizunera
Emakumeen Etxeak bost urte bete ditu. Errenteria-Oreretako emakumeentzat zein Oarsoaldeko herrietakoentzat erreferente bihurtuta, formakuntza feministan eta ahalduntzean dihardu.
Urte luzeetan mugimendu feministaren eta Errenteria-Oreretako emakumeen aldarri izan zen Emakumeen Etxeak 2019. urtean zabaldu zituen ateak. Ordutik, bost urte joan dira, eta pasa den ostiralean jai giroan ospatu zuten urteurren biribila, modu batera edo bestera, etxe horren parte diren dozenaka emakumek. Jai giroan egin zuten ospakizuna, aldarriari ere egin zioten tartea, baita hausnarketari ere.
Bost urteetako ibilbidea laburbiltzen duen bideoak zabaldu zuen urteurren festa. Tailerrak, hitzaldiak, batzarrak… urte hauetan guztietan etxearen paisaia eta arima osatzen, moldatzen eta egiten joan direnen lekukotza izan zen. Emakumeen Etxearen historia irudietara eraman zuten. Ondoren hartu zuten hitza etxeko antolaketa eta kudeaketa organoetako ordezkariek. Karmele Fernandez Bogak egin zuen euskaraz, eta zoriondu egin zituen lehenik eta behin emakumeak: «Zorionak 2016an Emakumeen Etxea sortzeko prozesuan elkartu ginenoi, mugimendu feministako emakumeei, elkarteetako emakumeei, Berdintasun Kontseiluko kideei, eta udaleko Berdintasun arlokoei».
Ia bi urtean zehar egindako bileretan parte hartze prozesu horretan aritu ziren 85 emakumeek definitu eta diseinatu zuten Emakumeen Etxea: espazio propioa, emakumeena, segurua, topaketarako, formakuntza feministarako, eztabaidarako, gogoetarako eta ekintzarako emakumeen espazioa, hori guztia baita. Eta emakume guztientzat egin zutela nabarmen jarri zuen Fernandez Bogak, «herrian bizi diren emakumeentzat, zein hona etorri nahi duten guztientzat». Erabaki garrantzitsu bat ere hartu zutela prozesu hartan ekarri zuen gogora ekintzaile feministak: funtzionamendua, programazioa eta zerbitzuak gobernantza partekatuan adostuko zituztela, Berdintasun arloarekin elkarlanean, «etxekide izanda, batzarrean, koordinazio organoan eta osatzen diren taldeetan parte hartuta».
Erabaki organoetan jende falta
Bost urte hauetako ibilbidean pandemia bat izan da tartean. Horri erreferentzia egin zioten, ezinbestean, joan den ostiraleko ekitaldian: «Horregatik edota beste arrazoi batzuengatik izango zen, baina kudeaketa organoetan parte hartzea asko jaitsi da». Hori horrela, behar-beharrezko jo dute hausnarketa zabaltzea egungo errealitatea aztertu, eta etxearen eredu parte hartzailea berrikusteko. Ostiralekoa jaia izan zen, ospakizuna, baina hortik harago «indarrak berritu eta batzeko» balioko dien eguna izan zela esan zuen Fernandez Bogak: «Emakumeen etxeko asanbladan eta erabaki guneetan parte hartzaile aktiboa egitekoa. Indarra hartu behar dugu gure proiektuan lan egiteko, komunitate hobe bat pertsona eta feminista gisa biziberrituko gaituena; indarra hartu behar dugu, etorkizuna ziurtatzeko. Izan ere, jarraitu beharko dugu borrokan eta gure eskubideak defendatzen, nahiz eta jakin horrek ahalegin erantsi bat eskatuko digula».
Esaldi bakarrera bildu zuen Emakumeen Etxearen izanaren zioa: «Kideok, gu gabe ez dago etorkizunik».
Etxeak hasieran jarritako helburuetako asko-asko bete dituen zalantzarik ez du Itsaso Cruz Berdintasun zinegotziak: «Emakumeentzako erreferentzia espazioa bihurtu da ia hasieratik, ikaragarria da bertan eskaintzen diren zerbitzuek duten erabilera, edota Eskola Feministaren barruan antolatutakoetan parte hartzen duen emakumeen kopurua. Urtetik urtera gora egiten ari da etengabe».
Lau zerbitzu eskura
Lau zerbitzu eskaintzen ditu etxeak: orientabide juridikoa; norbanakoaren jabekuntzarako gunea; autozaintza psikologikorako eta sexualerako gunea; eta Parekatu, ikasketak homologatzeko eta prestakuntza ibilbideetarako aholkularitza. «Guztietan gora egin du erabiltzaile kopuruak, Eskola Feministan bezalaxe», esan du Berdintasun arduradunak, eta hori baieztatzen duten datuak eman: «Zerbitzuen erabilera lau urtean bikoiztu egin zen, eta harrera 1.000 emakume baino gehiagori egin zaio 2019az geroztik».
Zalantzarik ez du Cruzek. «Erreferentzia lekua da, ahalduntze espazioa emakume asko-askorentzat. Gauza asko lortu dira bost urteko bide honetan, eta oso garrantzitsuak». Erabiltzaileen adin tarteari dagokionean, berriz, zerbitzuak erabiltzen dituzten emakumeak 35 eta 65 urte artekoak dira; Eskola Feministaren kasuan, gora egiten du adin tarte horrek, eta batez beste, 55 eta 75 urte arteko emakumeak izaten dira. Fernandez Bogak egindako irakurketarekin bat egin du zinegotziak ere, uste duelako bost urteko ibilbidea une egokia dela «berrikusketa» egiteko, «hala erabaki genuen Emakumeen Etxearen azken batzarrean».
Atzera begirada egin du Fernandez Bogak, gogora ekartzeko 2016an parte hartze prozesua abiatu zenean eta etxearen gaineko dokumentua sortu zutenean jaso zutela bertan etxeak dinamikoa behar zuela, eta praktikak erakutsiko zuela proiektua nondik nora eraman, «gauzak beharretara moldatzeko».
Aurrean dituzten erronkei ere aipamena egin die Cruzek: «Etxekide berriak gerturatu eta bertako ekintza edota zerbitzuak erabiltzen dituztenen inplikazioa areagotzea, aktiboagoak egitea da erronka nagusietako bat. Horretarako ezinbestekoa da etxearen historia nondik datorren azaltzea, berea egin dezaten, eta inplikazioa areagotu dezaten». Jakinarazi du etxean lanak egingo dituztela, erabiltzaile kopuruari erantzuteko eta bertaratzen diren emakumeen arta hobetzeko.
Hausnarketa hori etxearen egituraren aldaketarekin uztartuko dute. Udazkenean egingo dituzte aldaketa horiek, Emakume Etxearen ondoan den eraikina etxera batuta, eta harrerarako espazio intimoagoa sortuta.
Erdi-erdira eraman zuten indarkeria matxista, plaza publikora, ostiraleko ospakizun horretan, aldarri egiteko arazoa publikoa dela, denei eragiten diela, eta jendarte osoarena dela hura ezabatzeko ardura.
Hori izan zen, zalantzarik gabe, ekitaldi osoko unerik hunkigarri, eta aldi berean, gogorrena. Indarkeriarik Gabeko Bizitzen Aldeko taldea osatzen duten emakumeek hitza hartu zutenekoa. Mikrofonoaren aurrean indar erakustaldi eta ahalduntze ariketa ikaragarria egin zuten.
Eskerrak eman zizkieten lehenik, «bihotzez» Emakumeen Etxeari eta mugimendu feministari, emakume guztientzako ahalduntze espazio seguru bat sortzeagatik. Nazkatuta agertu ziren, biktima izateaz gogaituta, «biktima ez, biziraule izan nahi dugu». Ondoren, indarkeria matxistari iskin egiteko eta bizitza askeen ibilbideari ekiteko egunerokoan aurrez aurre izaten dituzten trabak banan-banan izendatu zituzten emakume horiek, dagokionak ezaba ditzan.
Biktima izatetik, biziraule izateko urratsa egiteko ezinbestekoa dute.
Etxebizitza aipatu zuten lehenik. Indarkeria matxista pairatzen duen emakumeak, erasotzailetik banatzeko etxea behar duelako. «Seguru sentituko garen espazioa ezinbestekoa dugu. Baina nola egiten dugu? Nork alokatuko dizu etxea ez baduzu diru sarrerarik?». Eskaera zehatza egin zuten, «alokairu sozialeko etxeak behar ditugu herrian, banandu ahal izateko, indarkeria matxistatik ateratzeko».
Babes handiagoa
Babesa ere eskatu zuten, «askotan erasotzailearekin enpatizatzen delako; hori onartezina da». Laguntza psikologikoa ere «ezinbestekoa» dela jarri zuten mahai gainean emakume horiek, «baina garaiz helduko dena». Izan ere, Gipuzkoako Foru Aldundiak terapiak egiteko programak eskaintzen dizkie, baina horietara heltzeko hilabeteak eman behar dituztelako kexu azaldu ziren: «Batzuetan urte eta erdia joaten da lehen hitzordua emateko. Laguntza unean behar dugu, gordinenean gaudenean. Gure biziek axola dutela diote, baina batzuetan ez dirudi hala denik».
Buruko osasun zerbitzurako sarbidea ere beste traba bat da, «itxaron denborak murriztu behar dira». Indarkeria matxistak agerikoak eta ez hain agerikoak diren zauriak ere eragiten ditu, «askok depresioa eta antsietatea izaten ditugu». Hitzordutik hitzordura denbora luze, eta kontsultak, berriz, motzegiak: «Pilula gutxiago eta terapia gehiago».
Indarkeria bikarioaren mamua ere, tamalez, presente. Seme-alabak gehiago babestuko dituzten legeak eskatu zituzten horren harira, «erasotzaileak ezin du aldi berean aita ona izan». Babes handiagoa ere, urruntze aginduak tarteko, seme-alaben zaintza 24 orduz emakumeen gain gelditzen denen. Familiaren babesa, «arnasa» dela ere esan zuten. Ez dute, baina, guztiek izaten: «Bitartekaritza ere behar dugu familiari ulertarazteko zergatik erabaki genuen banantzea.
Lan aukerak zabaldu
Lana aurkitzea beste buruhauste bat; laguntza eskatu zuten horretarako ere, «ez dadin izan beti zaintzari edo garbiketari lotuta». Atzerritartasun Legea aldatzea ere eskakizun, «urteetan prekarioan lan egitera kondenatzen gaituelako, barneko etxeko langile izatera, edota gizonen menpeko paperak lortzeko».
Denaren gainetik eskaera bat, inongo esfortzu edota inbertsiorik eskatzen ez duena, ahizpatasunarekin lotuta dagoena estu-estu: «Sinis gaitzaten behar dugu. Indarkeria matxista psikologikoa denean, ez du ageriko arrastorik uzten, baina kalte ikaragarria eragiten digu emakumeoi, eta zauri itzela utzi ariman». Txalo zaparradarekin erantzun zuten bertaratutakoek, eta Resisitiré —Eutsiko diot— kantaren egokitutako bertsioa abestu zuten elkarrekin.