Arragua eraberritzeko irizpideak adostuta daude
Bost batzar egin dituzte, eta horietan abiapuntuak ezarri dituzte. Plaza, berdegune, ekipamendu edo zerbitzuen nolakotasuna zehaztu dituzte.
Bost saio egin dituzte parte-hartze prozesuan. Arraguak beste itxura eta izate bat izango du urte batzuk barru. Udalak, auzoko bizilagunek zein gainontzeko oiartzuarrek parte hartu duten prozesu parte-hartzailea egin dute. Bost bilera izan dira, eta 200 lagunek hartu dute parte.
Bertan 200 bat lagunek hartu dute parte. Udalak proiektuaren historia azaldu zien (hamabost urtetik gora ditu), hasteko, eta ondoren guztien artean auzo berria diseinatzeko irizpideak diseinatu zituzten. Udalak jakinarazi du “pozik eta oso baikor” dagoela bileren emaitzagatik, eta urte hauetan guztietan egindako lana eskertu dute. “Udalaren eta auzotarren arteko sintonia erabatekoa izan da eta hori oinarri ezin hobea da hurrengo faseei heltzeko”, gaineratu du udalak.
Lau arlo, zehaztuta
Bilera horietan hainbat arlo landu dituzte, eta irizpideak ezarri. Honakoak dira:
- Plaza: auzo berriaren eta zaharraren arteko topagunea izango den espazio libre handi eta zentrala izango da, auzotarren elkargune berria eta nagusia. Erabilera askotarako espazio ezberdinak izango ditu.
- Berdeguneak eta errekak: ongizatea sustatzeko, askotariko jarduerak eskainiko dituzten berdeguneak egingo dira. Kokapenaren eta ezaugarrien arabera izaera diferenteak izango dituzte (irisgarriak, eserleku eta atsedenguneak txertatuz, elementu naturalekin harremanean dauden jolas guneekin…).
- Ekipamenduak eta zerbitzuak: Herritar eta auzotarrek egunerokotasunean erabiltzeko zerbitzuak aurreikusiko dira, diseinuan auzo-eskala mantenduz. Aisialdirako lokalak, elkarbizitzarekin harremana duten jarduera eta zerbitzuak…
- Mugikortasuna eta kaleak:Kaleen diseinuaren bitartez trafikoa mugatu eta abiadura baretuko da. Kale naturalizatuak izango dira. Herrigunearekin zein eskualdearekin loturak oinez, bizikletaz, autobusez edo trenez egitea sustatuko da.
Hurrengo faseak
Egungo espazio publikoak hobetzeko “aukera” izango dela ziurtatu du udalak. Horrela, datozen hilabeteetan, “auzoan aurkeztutakoa oinarri hartuta”, proiektuaren parte diren promotorearekin eta Eusko Jaurlaritzarekin hainbat plan aztertu eta negoziatuko ditu Hirigintza sailak.
Proiektuaren zirriborroa izatean (2026 hasierarako kalkulatu dute), auzotarrei aurkeztu eta haiekin partekatuko dute. Parte-hartze saio berriak egingo dituztela jakinarazi du udalak.
