Lau barrutietako erraldoiek piztuko dituzte Pasaiako jaiak, estreinakoz
Igandean Erraldoien Agurra ekitaldia egingo dute Donibanen, lehenengoz. Barruti bakoitzak bere erraldoia izango du igandetik aurrera.
![](https://oarsoaldea.hitza.eus/site/files/2024/06/dsc00881.jpg)
Igandea (hilak 23) egun oso berezia izango da pasaitarrentzat, bereziki etxeko txikienentzat. Izan ere, Pasaiako jaiei hasiera emateko ekitaldi berezia egingo dute Donibanen, lau barrutiak batuko dituen ospakizun batekin. Hasiera handian bizilagun oso berezi batzuk izango dituzte alboan pasaitarrek. Izan ere, Erraldoien Agurra izeneko ekitaldia egingo dute, estreinakoz gainera, berritasunez beteta.
Udalak erraldoi eta buruhandien konpartsa handitu du. Historian zehar buruhandi asko izan badira, ere, azken urteetan Mikeletea eta Iñudea izan dira Pasaiako erraldoi nagusiak. Igandetik, aurrera, baina, beste bi berri izango ditu: Batelera (Donibane ordezkatuz) eta Txikiteroa (San Pedro ordezkatuz). Buruhandi berri bat ere izango du herriak, Arrantzale, Blas de Lezo eta Batelera buruhandiek aurrerantzean Txupinera izango dute alboan.
Igandekoaren gaineko xehetasunak emateko agerraldia eskaini zuten atzo Donibaneko Santiago plazan Teo Alberro alkateak, Aitor Brion zinegotziak, Luisma Laboa aurkezleak, Markel Oiarzabal Pasaiako konpartsako lehendakariak, Litxua-ko Unai Lujanbiok eta Juan Antonio Laboa txistulariak.
Teo Alberro alkateak azaldu zuenez, iaz Pasaiako Udalak galduta zituen Batelera eta Txikiteroa erraldoien hainbat zati topatu zituen, eta horren harira, horiek sortu eta dagoeneko erabilgarri ziren beste biak berritzeko hautua egin zuen, “barruti bakoitzaren erraldoia berreskuratzeko eta balioan jartzeko”.
Aitor Brion zinegotziak igandekoaren gaineko xehetasunak eman zituen. Igandeko saioan “Pasaiako jaien hasiera” irudikatuko dutela iragarri zuen atzoko aurkezpenean, “udalerriko udako jai guztiei hasiera emateko denok elkarrekin eta elkarlanean”. Urtero-urtero errepikatzeko asmoa du udalak, “barruti guztietan, txandaka”. Haur eta nerabeak erdigunera eraman nahi dituztela erantsi zuen Brionek, “eta jaien aurretik erraldoi eta buruhandiak gertutik ezagutu eta beraiekin jolastu eta gozatzeko aukera izan dezaten nahi dugu”.
Zaharberritze eta sortze lanetarako hainbat eragileren lankidetza izan da: Konstantzia banda, llunbe banda, Antxoko dultzaineroak, Batelerak, Donibaneko txistulariak, Alkartasuna dantza taldea, Lintxua, Lamiak, San Pedroko txistulariak, Kantujira eta Pasaiako Erraldoien Konpartsa.
12:45ean hasiko dute igandekoa, orduan erraldoi eta buruhandi zaharren desfilea egingo dute Bizkaia plazatik Santiago plazara. Bertan, 13:15ean, erraldoiei harrera egingo diete udaletxe zaharrean. Buruhandi berrien aurkezpena egingo dute, eta txupinazoa izango da. Ondoren, dantza eta musikarekin gozatzeko aukera izango da plazan.
Egun berezia
Markel Oiarzabal Pasaiako konpartsako lehendakaria ere atzoko agerraldian izan zen. Iganderako “ekintza berezia” prestatu dutela aurreratu zuen: “Pasaiako barruti guztiak elkartuko dituen ekitaldia izango da. Herriak lau erraldoi izatea berri pozgarria da benetan”.
Luisma Laboak aurkeztuko du igandekoa, Arrate Hernandez pasaitarrarekin batera. Laboak atzoko aurkezpenean esan zuenez, “ekitaldi hau hitz batekin laburbildu daiteke: ilusioa. Udalari erraldoi hauek berreskuratzeko egin duen lana eskertu behar zaio. Eragileok, elkarrekin, lan handia egin dugu azken hilabeteetan, eta oso albiste positiboa da hori. Ziur nago igandeko ekitaldia oso berezia izango dela”.
Lourdes Castillo ere atzoko agerraldian izan zen, Pasaiako Bateleren izenean: “Egitasmo honi indarra eman nahi diogu eta horretarako gure aletxoa jarriko dugu”.