Oarso Bidasoko ikastetxeek bat egingo dute Gure Haurrak Ere Badira ekimenarekin
Hilaren 20an, osteguna, ikastetxeei dei egin diete bertako komunitateko argazkia ateratzera. Palestinari elkartasuna adierazteko keinu bat izango da.
Iragan igandean (hilak 16) agerraldia egin zuten Euskal Herriko hezkuntza komunitateko guraso eta umeek Bilbon, Gure Haurrak Ere Badira ekimenaren baitan. Palestinako haurrak “gure haurrak ere” badirela aldarrikatu zuten, Euskal Herritik Palestinara bitarte elkartasun keinu gisa.
Bide horretan, hilaren 20an, osteguna, Euskal Herriko ikastetxe guztiei dei egin diete ikastetxe-familia argazkia ateratzera. Argazki guztietan aulkia eta zapata parea ageri beharko dira, ekimenaren euskarri nagusiak baitira. Behin argazkia aterata, gurehaurrak@gmail.com helbide elektronikora bidaliko dituzte argazki guztiak bateratu ahal izateko.
Aldarrikapenak
Gure Haurrak Ere Badira ekimenak lau aldarrikapen egin ditu, eta honako hauek dira, hitzez hitz:
1. Gazak bizi duen genozidioari amaiera emango dion su eten iraunkor bat.
2. Alde guztien arteko negoziazioaren eta elkarrizketaren bidez eta nazioarteko komunitatearen babespean eman beharreko konponbide integrala; Palestinaren kolonizazioaren eta okupazioaren amaierari, preso politiko eta errefuxiatu palestinarren itzulerari nahiz Palestinak nazioarteko komunitateak onartutako estatu bat izateko duen eskubidea bermatuko duena.
3. Israeli armak saltzeari uztea eta enpresa, erakunde lokal, estatal nahiz europarrek, edota unibertsitate nahiz eragile sozialek, Palestinak bizi duen genozidioa salatzen ez duten entitate edo erakunderekin aktibitate komertziala, ekonomikoa edota beste edozein eremutakoa etetea (elkarkidetze-akordioak eta Europar Batasunaren eta estatu kideen itunak kasu).
4. EAE eta Nafarroa erakundeek, nahiz Espainiako Estatuak Nazioarteko Zigor Gortean Esku-hartze Adierazpenak aurkeztea, Israelen aurka abian den demandari babesa eskainiz.