Osakidetzak udako zerbitzua bermatzea aztertuko du plenoak
Ekaineko ohiko plenoak 11 puntu izango ditu. Osakidetzari buruzko mozioaz gain, Mugikortasun Plana ere izango dute hizpide.
Datorren asteazkenean, hilak 26, izango da ekainari dagokion ohiko plenoa. 18:00etan hasiko da, udaletxeko pleno aretoan.
Zinegotziek 11 gai izango dituzte mahai gainean. Horietako bat Osakidetzari buruzko mozioa izango da. Udan osasun zerbitzua bermatzearen alde egiten du mozio horrek. Izan ere, Eusko Jaurlaritzak udako ordutegiak murriztu ditu.
Aurreko udetan bezala, Oiartzungo anbulatorioa 08:00etatik 15:00etara irekita egongo da uztailaren 8tik aurrera, irailaren 13ra arte.
Gainontzeko gaiei dagokienez, Mugikortasun Plana behin-betiko onartzeko bozketa egingo dute. Honakoa da gai-zerrenda:
- Aurreko batzarrari dagokion aktaren onarpena.
- Osakidetzan udarako zerbitzu publikoa bermatzeari buruzko mozioa.
- Oiartzungo Mugikortasun Planaren behin betiko onarpena.
- Oiartzungo hiri antolaketako Plan Orokorraren 1. aldaketa puntualaren prozedura hastea, hiri lurrean legezko egokitzapenak egitea eta hiri-lurra eta landa lurraren arteko mugen zehaztapena egitea helburu duena.
- Elorsoro kiroldegia, Madalensoro pilotalekua eta udako igerilekua energia elektrikoz eta Elorsoko kiroldegia gas naturalez hornitzeko kontratuaren I. loteko gehieneko aurrekontuaren igoera.
- Gipuzkoako Garraio Agintaritzan udalaren ordezkaritza aldatzea.
- 2023ko Kontu Orokorraren behin betiko onarpena.
- Beste ekitaldietako ordainagiriak baliogabetzea.
- Udalarekiko hainbat zor kobraezin aitortzea.
- Beste organoen jardueraren jarraipena.
- Eskari-galderak.