Erize: "Plazan gauden guztioi daukagun hoberena atera digu Markelek"
15 orduko elkartasun lasterketa bukatu du eguerdian Arkaitz Erizek. Gaur bildutako dirua Juneren Hegoak eta Markelen Irria elkarteei emango diete.
Oarsoaldean zehar 15 orduz korrika egin ondoren, iritsi da Arkaitz Erize Kalu lezoarra Karlos Saldise plazara, hunkituta. Helburua, Juneren Hegoak eta Markelen Irria elkarteak sustengatzea izan da, eta era berean, Markel Merino garun paralisia duen lezoarrari eta haren familiari bultzada ematea. Iniziatibari 15 urte amesten izena jarri diote, Merinoren 15 urteak izaki.
2015, 2016 eta 2017an antzeko erronkak egin zituen Erizek. Zazpi urteko etenaldiaren ostean behar bereziak dituzten haurren eta familien sostenguaren gaia erdigunera ekarri nahi izan dute Juneren Hegoak eta Markelen Irria elkarteek, korrikalariaren laguntzarekin.
Erizek atzoko gaua “txundigarria” izan dela, eta Merinok “ez amore ematea” eragin diola aitortu du. “Niri ez ezik, plazan gauden guztioi daukagun hoberena atera digu Markelek, eta horregatik iritsi gara honaino” erantsi du korrikalariak.
Gaurkoa bezalako ekimenak babestu egin behar direla izan du aldarri Erizek. “Lan egin behar da, konstanteak izan eta horregatik ari da gaurkoa erantzun zabala izatean” adierazi du lezoarrak. Egunetik egunera zentzu gehiago daukaten elkartasun iniziatibak direla uste du, geroz eta jende gehiago gerturatzen delako. “Bidea hau da”, bukatu du.
Egitaraua:
- 15:30-19:00, haurrentzako jarduera eta jolas gehiago.
- 16:30-19:00, DJ Euphoriaren emanaldia eta karaokea.
- 19:00etan, ekitaldien bukaera.