Pasaiako 100dik gora establezimendu, euskararen erabilera indartzen
'Hasi' eta 'Euskaraz Barra-Barra' egitasmoei atxiki dira herriko merkataritza, ostalaritza eta zerbitzuetako establezimendu ugari. Lehen hitza euskaraz egiteko konpromisoa hartu dute, besteak beste.
Euskararen erabilera sustatzeko lanean jarraitzen dute udalak eta Laurak Bat elkarteak. Pasaiako merkataritzako, ostalaritzako eta zerbitzuetako establezimenduetan lehen hitza euskaraz izan dadin, Hasi eta Euskaraz Barra-Barra egitasmoetan parte hartzen ari dira lau barrutietako 100dik gora establezimendu. Kanpaina honek azken hiletan emandako emaitzak aurkeztu zituzten atzo Laura Ré Euskara zinegotziak eta elkarteko hainbat kidek. Bi egitasmoen helburua, bera da: “euskara gehiago, gehiagotan eta gehiagorekin egitea”.
Zinegotziaren arabera, euskararen erabilera handitzeko bidean merkataritza, ostalaritza eta zerbitzu establezimenduetan lehen hitza euskaraz egiteak “asko laguntzen du”. Hori dela eta, langileak, gutxienez, lehen hitza euskaraz egiteko konpromisoa hartzera eta elkarrizketak euskaraz hastera gonbidatu dituzte azken hiletan. Eta erantzuna handia izan da.
Kanpainaren emaitzei dagokionez, Hasi egitasmoan 50 establezimenduk hartu dute orain arte lehen hitza euskaraz egiteko konpromisoa. Halere, oraindik atxiki ez direnei parte hartzera deitu dituzte. Udalarekin jarri beharko dira harremanetan horretarako. Konpromiso hori hartu duten establezimenduek Hasi hitza daramaten bereizgarriak jarri dituzte.
“Lehen hitzaz gain, zerbitzu osoan euskara erabiltzeko aukera bermatzen duten establezimenduek Euskal Herrian zabaltzen ari den Euskaraz Barra-Barra bereizgarria jartzera animatu ditugu. Berezigarri hori duten establezimenduetan, euskaraz ulertzen duen langile batek egon beharko du gutxienez, zerbitzua euskaraz emateko prest. Horrez gain, bertako langile guztiek euskal hiztuna izan edo ez, euskara erabiltzen duen bezeroari edota kontsumitzaileari lehen hitza eta azken agurra euskaraz egingo dizkio, eta kontsumitzaileari euskara erabiltzeko aukera bermatuko zaio establezimenduan.
Bestalde, 65 dira Euskaraz Barra-Barra bereizgarria lortu dutenak, eta kasu honetan ere bereizgarria lortzeko aukerak zabalik jarraitzen duela gogorarazi du Laurak Bat-ek.
Mari Carmen Mogilnicki Laurak Bat elkarteko zuzendariak honakoa esan zuen atzoko agerraldian: “Prozesua mailakatua bada ere, orain arteko emaitzak positiboak dira. Elkartetik merkatari guztiak animatzen ditugu Pasaian euskararen erabilera sustatzen duten ekimen hauetan parte hartzera, bezeroekiko harremana eurek nahiago duten hizkuntzan egiteko aukera indartuz”.
Langileei bezala, erosleei ere “jarrera aktiboa” izatera deitu dituzte.
Hemen, atxikitu diren establezimendu guztiak kontsulta daitezke.