Herriartekoko finalerako txartelak, gaur Madalensoron salgai
18:00etatik 20:00etara bitartean salduko dituzte Donostiako partidetarako txartelak, Oiarperen bulegoan. 10 eta 5 euroan daude.
Oiartzunek Herriartekoko esku huskako finala jokatuko du etzi, larunbata, Donostiako Atano III.a pilotalekuan. 16:30ean hasiko dira, kadeteen partidarekin, eta ondoren jokatuko dute jubenilek eta nagusiek.
Oiarpe pilota elkarteak berretsi du oiartzuar guztien babesa beharko dutela beraien apalategira laugarren txapela eramateko. Horregatik, gogorarazi dute zaleek sarrerak eskuragarri izango dituztela gaur arratsaldean.
Horretarako, 18:00etatik 20:00etara pasatu beharko da Madalensoro pilotalekutik. Oiarpek bertan duen bulegoan erosi ahal izango dira sarrerak, 10 eta 5 euroan. Sarrera merkeenak goiko harmailan eta errebote gaineko eserlekuetan izango dira, eta gainontzekoak kantxakoak izango dira.
Egunean bertan Atano III.a pilotalekuan salduko dituzte txartelak.
Oiartzunek Zaldibiaren kontra jokatuko du finala. Orain arte jokatu ez den finala da, Zaldibia lehen aldiz iritsi baita azken partidetara.