Azkuene 42ko Mendiolabidea tartea berrurbanizatzen ari dira
Iazko urtarrilean lur jausi bat izan zen bertan, eta pasabide bat egin behar dute. Lanak "beharrezkoak" direla esan du Iraitz Pazos zinegotziak.
Pasaiako Udalak jakinarazi duenez, egunak daramatzate Trintxerpeko Azkuene 42ko Mendiolabidea zatia berrurbanizatzeko lanekin. Izan ere, iazko urtarrilean lur jausi bat izan zen bertan, eta pasabide bat egin behar dute.
Iraitz Pazos Obra eta Zerbitzuetako zinegotziak esan duenez, “beharrezkoak” dira lan horiek. “Obra horiek aspalditik ziren beharrezkoak, eta funtsezkotzat jotzen genuen lehenbailehen hastea, inguruko bizilagunen segurtasuna bermatzeko. 8 asteko epean amaitzea aurreikusten da “, esan du.
Lan hauen helburua “jausitako ezpondari eustea eta lur irristatzeak eragindako bidea lehengoratzea” dela erantsi du. Abian diren lanen bidez, lurrari eusteko bidea egingo dute, lur eremuan sartuta dauden altzairuzko erreien pantailen bidez.
Lanetarako 125.471,82 euroko inbertsioa egingo du udalak.