Maita ezazu Oiartzunek Herriartekoa maite duen bezala
Hirugarren aldiz jarraian lortu dute txapela janztea, Zaldibia azpiratuta. Lehen partida galdu arren, buelta eman diote.
Esku huskako Herriarteko Txapelketaren finala jokatu da gaur, eta aurreko bi urteetarako titular bera erabil zitekeen: Oiartzun, Herriartekoan txapeldun.
Zaldibiaren kontra jokatu dute prestigiodun txapelketako finala, eta txapelketarekiko amodio istorioak iraungitze-datarik ez duela argi utzi dute.
Hori bai, hasi… ez dira modu onean hasi. Tanto bakarragatik bada ere, Zaldibiak eraman du kadeteen arteko partida. Etxeberria eta Zelaiaranek ezin izan dute taldearentzako lehenengo asaltoa eskuratu.
Bigarrenean, jubenilen mailan, nagusitasun argia erakutsi dute Olaizek eta Leonetek. Lau tantotan utzi dituzte arerioak. Banakoa jarri dute markagailuan, eta mondejuak ordainetan eman dizkiete zaldibiarrei.
Hirugarren partidan, Etxeberria eta Landa seniorrek hartu behar izan dute txapelketa eramateko erantzukizuna. Ozta-ozta izan bada ere, oiartzuarrek poltsikoratu dute partida erabakigarria: 22-20, eta txapela burura.
2013an iritsi ziren oiartzuarrak lehen aldiz Herriartekoaren finalera, eta irabazi egin zuten. Ordutik, beste sei aldiz iritsi dira azkeneko norgehiagoketara, eta hiru aldiz izan dira garaile. Azken hiru urteetan, zehazki. Oiarpe kluba lan bikaina egiten ari den seinale da hori.
Orain Euskal Herrikoari bota beharko diote amua, baina lehendabizi ospatu egin beharko dute Tolare jatetxean, ezkon-gaua balitz bezala. Merezi dute.