OTXEko Eneko Olveira eta Iraia Zapirain, txapeldun
Olveira XCO modalitateko Espainiako Kopako irabazle izan da. Zapirainek Bizkaiko Green Series kopako sailkapena poltsikoratu du.
Asteburu bikaina izan da OTXErentzat. Izan ere, bi sailkapen nagusi irabazi dituzte. Eneko Olveira XCOEspainiako Kopako txapeldun izan da, Cervera del Masetren (Castello) egindako lasterketan. Bosgarren bukatu zuen igandean jokatutako mendi bizikletako proba, eta horrekin nahikoa izan zuen denboraldia sailkapeneko lehenengo postua ziurtatzeko.
OTXEk Olveiraren “talentua, trebetasuna, konstantzia eta determinazioa” goraipatu ditu. Gainera, JRG Norclamp taldea kopa berean nabarmendu da, “jardun aparta eta talde-lan bikaina” erakutsiz. Espainiako Estatuko mendiko txirrindularitzaren “erreferente” bat bilakatu da JRG Norclamp OTXE taldea.
Zapirain, Bizkaian
Olveirak egindako balentriari gehitu behar zaio Iraia Zapirainek egindakoa. Bizkaiko Green Series kopako azkeneko proba lehiatu zuten Ortuellan, eta hirugarren postuan bukatu zuen. Postu horrekin, Green Series txapelketako sailkapen nagusia lortu zuen OTXEko txirrindulariak.
“Eneko Olveirak, Iraia Zapirain eta JRG Norclamp OTXE talde osoak gogo biziz ospatu zuten garaipen garrantzitsu hau, lehia bakoitzean jarri duten gogo eta dedikazio gogorraren emaitza dena”, adierazi du OTXEk.
Nabarmendu dute “gogorra” izan dela denboraldia, otsailetik uztailera bitartean astebururo lehiatu behar izan direlako. “Talde osoak erakutsi duen dedikazioaren erakusle dira bi garaipen hauek”, adierazi dute.