Badian bainatzea debekatuta dagoela gogorarazi du Portu Agintaritzak
Azken egunetan "bainuarekin lotutako arrisku egoerak" izan direla dio. Badiako jarduera bainuarekin "bateraezina" dela gogorarazi du portuak.
Pasaiako Portu Agintaritzak kaleratu duen ohar baten arabera, azken egunetan “hainbat eremuren erabilera desegoki eta arriskutsuarekin lotutako gertakariak” izan dira portuan, eta hori dela eta, gogorarazi du debekatuta dagoela Pasaiako badian bainatzea. Badiako urak portuko, arrantzako, kiroleko eta aisialdiko nautikako jardueretarako baino ez direla nabarmendu du, eta “portu ingurunearen segurtasuna eta funtzionamendu egokia bermatzeko” araututa daudela. Bainatzeko debekua egoteaz gainera, ez dagoela inolako sorospen zerbitzurik gogorarazi dute.
Portuak emandako jarraibideak ez betetzeak pertsonen segurtasunerako “arrisku handiak” ekar ditzakeela diote portuko iturriek: “badiako eguneroko jarduerak ontzien etengabeko maniobrak eta beste nabigazio jarduera batzuk dakartza, bainuarekin bateraezinak direnak”, esan dute portuko iturriek.
Era berean, uretara jauzi egiteko dauden itsas seinaleen balizak erabiltzea “arrisku larria” dela gaineratu dute, eta nabarmendu dute seinale horiek “funtsezko tresna direla itsas jarduera segurtasunez eta eraginkortasunez garatzeko”. Ez direla jolaserako ezta bainu jardueretarako elementuak aipatu du agintaritzak, eta hortaz, guztiz debekatuta dagoela helburu horietarako manipulatzea edo erabiltzea.
Arrisku bereziko eremuetan kartelak jarriko dituzte aurki, “bainatzea eta itsas seinaleetarako sarbidea debekatzeko”. Udan zehar zaintza berezia egingo dutela iragarri dute, “adierazitakoa bete dadin eta, horrela, praktika txarrak eta horiek eragin ditzaketen istripuak saihesteko” asmoz.