Ekiherrik udaran muntatuko du lehen instalazioa
Egiluze ikastetxearekin lankidetzan muntatuko du lehen instalazio hori Ekiherri komunitate energetikoak. 170 bazkidek partekatu ahalko dute instalazio horren autokontsumoa.
Luze joan da batzuentzat, beste batzuentzat ez hainbeste. kontuak kontu, Ekiherri Komunitate Energetikoak lehen instalazioa muntatzeko lanak egingo ditu udaran zehar. Eerrenteria-Oreretako Egiluze ikastetxearekin lankidetzan ikusiko du argia, eta gaur eman dituzte xehetasun guztiak arratsaldean egin duten agerraldian.
Ekiherriko lehendakari Joxe Mitxelenak azaldu duenez, udaran zehar lehenengo instalazioa izango dena muntatuko da: “Proposatzen den instalazioa 125,24 kWp —Eguzki energiarekin lotutako kontzeptua da, neurri unitate horrek eguzki plaka batek ahalmen betean sor dezaken energia adierazten du— eta 248 plaka unitatez osatua egongo da”. Beste datu bat eman du Mitxelenak, eta instalazio horrekin 170 bazkide inguruk partekatu ahal izango dutela autokontsumoa azaldu du, “Goinerrek gaur egungo bazkideen elektrizitate horniduren kontsumoarekin azterketa egin du, eta lagin hori hartuta, hori da gutxi gora behera ateratzen den kopurua”.
Gaur gaurkoz, 90 bazkide ditu Ekiherrik eta lehenengo proiektuarekin noiz abiatuko ziren izan dela herritar askoren kezka nabarmen jarri du, bestalde, “iritsi da unea; laster gauzatuko dugu gure lehen proiektua. Horrenbestez, hemendik luzatzen diegu herritarrei gonbidapena. Herritar orok ditu ateak zabalik komunitatearekin bat egiteko, orain baita momentua lehenengo proiektu honetan parte hartzeko”. Gaurko agerraldia hilabete luzeetan galdezka izan diren herritarrei informatzeko egin dute, hala azaldu dute Ekiherriko kideek. Izan ere, instalazioan parte hartu nahi duten herritarrek Ekiherrirekin harremanetan jarri behar dute hilabete honetan zehar 600 57 92 49 telefono zenbakira deituta, edota posta elektronikora mezua bidalita. Egin klik hemen. Web orriaren bidez ere harremanetan jar daitezke energia komunitatearekin (Klik hemen).
Mikel Ioldik ere hartu du hitza gaurko agerraldian Egiluze ikastetxearen izenean. Pozik azaldu da Ekiherri Energia Komunitatearekin hitzarmena sinatu izanagatik, horrek ikastetxeak “jasangarritasunarekin” eta “herritarrekin” duen konpromisoa indartzen duela sinistuta baitago, “Ekiherrik dituen helburu eko-sozialekin bat egiten du gure ikastetxeak. Energia eraginkortasuna hobetzeko hasi berri dugun fatxada eraldaketa proiektuarekin batera, giza balioetan, ingurumenean eta gure udalerriak eskaintzen dizkigun indarguneetan oinarrituta dagoen Egiluzeren hezkuntza proiektuaren erakusgarri da lankidetza hau”.
Estalkiek, baldintza jakinak
2023ko martxoaren 27an aurkeztu zuten Ekiherri Energia Komunitatea Niessen Kulturgunean. Irabazi asmorik gabeko kooperatiba horren helburu nagusia, indarrean den eredu energetikoa eraldatzeko eragile aktiboa izatea da. Aurkezpena egin zuten unetik, lehen instalazioa martxan jartzeko lanean izan direla jarri dute nabarmen gaurko agerraldian. Ezinbestekoa zela estalkia esan du Mitxelenak, horretarako, “eta Egiluze ikastetxeari esker lortu dugu”.
Estalkiek baldintza jakin batzuk izan behar dituzte: orientazio egokia izan behar dute, hegoaldera; 600 metro koadro ingurukoak behar dute izan, lauak eta teilarik gabekoak. Ez dute hirigunetik oso urrun egon behar. Egiluze ikastetxearen estalkiak baldintza horiek guztiak betetzen ditu, eta hori horrela, joan den apirilaren 22an Ekiherriko lehendakariak hitzarmena sinatu zuen Egiluzeko ordezkariarekin.
Ekiherriko presidenteordea da Aitziber Gartzia. Instalazioa bi urteko lanketaren ondoren heldu dela azaldu du, “egia esan urruti ikusten genuen zerbait, lortu dugu. Eskerrak eman behar dizkiogu Egiluzeri ez delako erraza estalki egokia aurkitzea, hainbat baldintza bete behar ditu sabaiak: egoera onean egotea, bi kilometroko radioan egotea… Egin dugun hitzarmenarekin sortzen den energiaren parte bat euren autokontsumorako erabiliko dute, eta trukean ez digute kobratuko”. Balioan jarri du, profil oso ezberdinetako jendea batu duela iniziatibak, eta ikasketa prozesua izaten ari dela urratsak egin ahala; “ez da erraza ez daukagulako inguruan halako esperientziarik. Gure herriak 40.000 biztanle ditu eta izan ditzakegun esperientzia antzekoak izan daitezke Hernanikoa eta Orexakoa. Sortu behar izan dugu guztia, hasi agirietatik, estatuak, barne araudia… Konplikatua izan da”.
Artezkaritza taldean 12 lagun egonkor dira, eta arloka banatuta lantaldeak sortu dituzte.
Bazkide kontsumitzaile bila
Komunitate energetikoan eta lehen instalazioa izango den horretan parte hartzera deitu ditu herritarrak Gartziak, eta gogoratu du Ekiherrirekin bat egiteko modu ezberdinak daudela: “izan daiteke lan taldeetan parte hartuz hiru astean behin Torrekuan, ekonomikoki beste konpromisorik hartu ez dutenek 10 euroko ekarpena eginez, edo figura garrantzitsuena dena guretzat, bazkide kontsumitzaile egitea”.
Azken horretan jarri du fokua Ekiherriko lehendakariordeak, “gakoa da figura hori. 90 bazkide kontsumitzaile gara eta 170 behar ditugu instalazioak sortuko duen energia optimizatzeko”. Datak ere eman ditu, eta instalazioaren lanak irailerako bukatuta egon behar dutela esan du, “gero Iberdrola denez banatzailea, baimenak eman behar dizkigu. Kalkulatu dugu bost hilabete beharko direla tramite horiek gauzatzeko eta beraz, datorren urte hasierarako martxan izatea espero dugu”.
Bazkide kontsumitzaile izateko 100 euroko ekarpena egin behar dute erabiltzaileek, eta aurrerago, instalazioa egiteko beste ekarpen bat egin behar da, “lau urteko epean amortizatuta izango dela aurreikusi dugu egindako diru ekarpena. Hortik aurrera irabaziak dira”. Horrekin batera, diru laguntzen zain dira eta udalarekin adostu dute jada Ogasun Higiezinen gaineko zergan %25eko hobaria izango dutela bost urtez kw 1 inguru jasotzen duten bazkide kontsumitzaileek. Informazioa zehatz, Ekiherriko kideek emango diete interesdunei, horretarako albistean aipatutako harremanetarako bideak erabilita.
Energia kontsumoan, eraldaketa
Energia komunitateko partaide da Eusebio Lasa, eta berak ere beste askoren antzera hartu du parte gaurko agerraldian. Ekiherrirekin bat egin zuen garrantzitsua iruditu zitzaiolako herrian komunitatea sortzea, “sortze horrekin batera energia kontsumoan eraldaketa sakona bultzatu behar dugun zalantzarik ez dut, teoriatik praktikara pasa behar dugula, eta horretarako Ekiherriko proiektua interesgarria ikusten dut”.
Lehen instalazioa hurbil ikustea “pozgarria” dela dio, “prozesu luzea eman dugu honaino iristeko, irabazi asmorik gabeko kooperatiba da eta estatutuak egin behar izan ditugu, eta gutxieneko bazkide kopuru bat lortu. Kooperatiba osatuta, bigarren urratsa, teilatu bila hastea izan da proiektua gauzatzeko; ez zaigu erraza izan, proiektu ekipo bat martxan ibili da eta hona iritsi gara”. Berak ere eskerrak Egiluze ikastetxeari, “izan duen jarrera “positiboarengatik. Horri esker elkarlanean instalazio proiektua martxan jartzeko lehen urratsak egitea izan dugu”.