«Antxotarrek kartela beraiena senti dezatela nahi dut»
Hirugarren aldiz, antxotar gaztearen kartelak iragarri ditu sanferminak. Hurrengo urtekoaren ideia prest du jada.
Zure kartela eskuan duzula, zer sentitzen duzu?
Poz handia eta harrotasuna. Nire kartela herrian zehar ikustea ikaragarria da, Antxokoa izanik gainera. Ohore handia da, ametsa izan batia lehiaketa hau irabaztea. Lehen aldiz irabazi nuenean ez nuen imajinatzen zer-nolako poza sentituko nuen nire irudia kaleetan ikustean. Antxotarrek gustuko izatea zen nire helburua, baina bereziki beraiena senti dezatela.
Hiru aldiz irabazi duzu jada kartel lehiaketa, oso gazte gainera.
14 urterekin aurkeztu nintzen lehen aldiz. 17 urterekin irabazi nuen lehenengoa, bigarrena 19rekin eta hirugarrena orain, 24rekin. Beti aritu naiz diseinuak egiten, txikitatik asko gustatu izan zait marraztea, beti izan dut grina hori. Ikasketak hasi nituen, baina utzi egin nituen, hobby bezala ikusten baitut hau. Aitortu behar dut lehia handia dagoela urtero, diseinu oso-oso politak egiten dituztela. Herri txikia bada ere, artista oso onak daude Antxon.
Zer islatu nahi izan duzu irudiarekin?
Sanferminak bere horretan islatzen saiatu naiz. Alpargata bat ikus daiteke, sanferminetako sinbolo handienetako bat. Alpargata hauen lokarriekin testua egin dut. Oso gustura nago lanarekin, eta badirudi jendeari ere gustatu zaiola. Bide batez, Topagunea eta Papineko Gazteria eskertu nahi ditut egiten duten lanagatik, baita Leundako Jokin eta Mimoseko Agus eta Rafa ere.
2025ean aurkezteko asmorik?
Ez dakit hemen egongo naizen, abuztuan Abu Dhabira bainoa lanera. Ziur aski 18 hilabete pasako ditut han, eta beraz, ez dakit hemen izango ote naizen. Urruti egon arren, aurkezteko asmoa dut, eta ideia dagoeneko buruan dut. Urrutitik bada ere, nire aletxoa jartzen saiatuko naiz.