Droga eta sexu praktikei buruz "hausnartzeko" postua jarriko dute sanferminetan
Biharko 00:00etatik 3:00etara zabalduko dute postua, skate parkaren ondoan.
Pasaiako Udalak, Ai laket! elkartearekin elkarlanean, aurtengo sanferminetan drogen kontsumoari eta sexu praktikei buruz hausnartzeko postu bat jarriko du. Larunbatean (hilak 6) zabalduko dute, skate parkaren ondoan, 00:00etatik 3:00ak arte. Bertan, ondorengo gaien inguruko informazioa emango diete antxotarrei: substantziak eta ezaugarriak, osasun arrisku zorrotzak eta epe luzera izan litezkeen osasun arazoak, legezko arriskuak edota kontsumo segururako aholkuak. Horrez gain, droga eta sexu seguruei buruzko materiala ere banatuko dute.
Udaleko iturrien arabera, ondorengo helburuak ditu egitasmoak: “Gazteek neurriz kanpo kontsumitu ez dezaten prebentzio-lana egitea, eta egiazko informazio objektiboa ematea, arriskuak hobeto kudeatzeko; Gazteak kontsumoen arriskuez kontzientziatzea eta zergatik kontsumitzen duten eta kontsumoaren bitartez zer helburu lortu nahi duten hausnarraraztea; Kontsumitzaileari ohartaraztea legez kontrako substantzien osasun kontrolik ez dagoela, eta ohartaraztea aizunduta egoteko arriskua badutela; Sexu-praktika seguru, elikatzeko ohitura on eta kontsumoaren legezko ondorioei buruzko arriskuak murrizteko kontzeptuak hedatzea; eta substantzia berri eta kontsumorako patroi berriei buruzko informazioa eskuratzea”.