Jantziaren Zentroko proposamen berriak, biharko prest
Emakumeek urteetan zehar erabili dituzten ezkon jantziak, bi mendetako modaren bilakaera eta Belle Époque dira erakusketaren ardatza.
Jantziaren Zentroak bihar emango dio hasiera udako denboraldiari, eta hainbat proposamen aurkeztu dituzte: ‘Belle Époque’ udako erakusketa eta urte osoan zabalik egongo den erakusketa iraunkorra.
M/Boda erakusketak hamasei ezkongai jantzi biltzen ditu, eta horien bitartez emakumeek ezkontzeko 150 urteetan zehar erabili dituzten jantzien bilakaera erakusten dute. 1840 eta 1988 urte artekoak dira arropak.
Bigarren solairuko erakusketa, aldiz, XVIII. mendean hasi eta 1960. urtean amaitzen da. Bilduma honek 20 jantzi biltzen ditu, eta horien bidez modak historian zehar izan duen garapena eta aldaketak ikusteko aukera ematen da.
Azkenik, Jantziaren Zentroaren Udako proposamen berriak Belle Époque garaia du ardatz, XIX. mende amaieratik Lehen Mundu Gerra arteko garaia, alegia. Bilduma horren bitartez gauez zein egunez emakumezkoek erabiltzen zuten janzkera ikusteko aukera egongo da. Kapitain-etxearen sarreran doan ikus daiteke berau, urriaren 27ra arte.
Bisita gidatuak ere bai
Horretaz gain, zentroak udan bi bisita eskainiko ditu 7 euroren truke -pentsiodunentzat sei euro-. Uztailaren 13an izango da lehen bisita, eta Lola Horcajo historialariak Donostiako Belle Époque garaiaren berri emango du. Beste hitzordua, aldiz, uztailaren 14an eta 25ean izango da, eta horren baitan erakusketa iraunkorreko bisita egiteko aukera izango da.
Bisita horietan parte hartu ahal izateko aurrez eman behar da izena helbide honetara idatzita edo 943 49 45 21 zenbakira deituta.