Lehen eguneko ilusio eta gogo bera
Antxoko Topaguneak 10 urte bete ditu aurten. Urteurren bereziaren harira ospakizunik izango ez bada ere, egunotan behar bezala itzaliko dituzte hamar kandelak.
Aurtengo sanferminak are bereziagoak izango dira Antxoko Topagunearentzat. 10 urte bete berri ditu taldeak, eta urteurren bereziaren harira ospakizunik izango ez bada ere, egunotan behar bezala itzaliko dituzte hamar kandelak. Sanferminetarako azken ukituekin ari zirela elkartu da taldekoekin HITZA, azken hamar urte hauen errepasotxo azkarra egiteko.
Topaguneko Uxue Montalvok dio «ilusio eta gogo» batetik sortu zutela orain dela hamar urte Topagunea, «herria astintzeko» gogo batetik heldu zela herri eragilea: «Gauzak egiteko gogoa genuen, baina guretik egiteko, guk sinisten dugun modu horretan, gauzak modu euskaldunean, feministan eta parte hartzailean egiteko».
Eta hala izan da lehen egunetik, filosofia horri eutsiz eskaintza zabala egin diete haur, gazte eta helduei. San Tomas Eguneko festa, sanfermin txikiak, hitzaldiak, kirol probak, kontzertuak, hausnarketarako saioak… Denetik eskaini diete antxotarrei hamarkada honetan. «Uste dugu Topaguneak aztarna utzi duela herrian, herriari borroka molde batzuk eman dizkiola, eta herriaren erdigunea hartu duela. Aldarrikatzeko leku bat da Topagunea, segurua».
Hasieratik herritarrak alboan izan dituztela nabarmendu nahi izan du Montalvok, eta zorionez, azkenaldian belaunaldi erreleboa ematen ari dela. Goiko irudian hori berretsi daiteke. «Herria zaintzen saiatzen gara, baina herriak asko zaintzen gaitu gu».
Abesti eta guzti
Urteurren berezia biribiltzeko, abesti bat ondu du Topaguneak, 10 urteren ondoren, «zabor artean loratzen jarraitzen» dutela ospatu eta aldarrikatzeko. Oasian Dantzan izena du abestiak, eta jaietan hori ikasi eta haiekin batera txosnan dantzatzera deitu dituzte antxotarrak. «Oasian dantzan ariko gara denok!». Abestiaren mezuarekin egindako kamisetak eta jertseak ere salgai jarri dituztela iragarri dute.