Festa bai, baina laguntzarako deia ere egin du Madalenrockek
Madalenrock jaialdiaren bigarren edizioa egingo dute uztailaren 20an, eta egitaraua hiru taldek osatzen dute: Freedom Call, Koven eta Blast Wave.
Madalenrock jaialdiaren bigaren edizioa ospatuko dute Errenterian uztailaren 20an, Xabier Olaskoaga plazan, eta hiru talderen kontzertuez gozatzeko aukera izango da: Freedom Call, Koven eta Blast Wave.
Freedom Call power metal talde alemaniarra da, eta haien ‘Silver romance’ diskoa aurkeztuko dute taldearen 25. urteurrena ospatzen ari diren honetan. Koven taldea, aldiz, 2003. urtean sortu zen, eta, egun, 20. urteurren bira ari dira egiten. Metal melodikoa da taldearen estiloa, eta hirugarren lana ari dira prestatzen Manuel Ramil ekoizlearekin batera. Egitaraua Blast Wave taldeak itxiko du. Gainera, aipatzekoa da talde errenteriarra berrikuntza batekin igoko dela oholtzara, lehen aldiz emakumezko bat izango baita ahotsa.
Ekitaldia dohainik izango bada ere, antolatzaileek Saharara bidaltzeko janaria ekartzeko deia egin dute. Zehazki, denborarekin okerrera egingo ez duen janari kilo bat eramateko eskatu dute. 22:30ean hasiko da jaialdia, eta gaueko autobusak Xabier Olaskoaga enparantzatik gertu daudela azpimarratu dute.