Hilaren 17an zozkatuko dituzte Altzibarko etxebizitza tasatuak
Eraikitzen ari diren hamabi etxebizitzen zozketa hurrengo asteazkenean egingo dute. 152 eskaera onartu dituzte.
Altzibarren hamabi etxebizitza eraikitzen ari dira, tasatuak izango direnak. Trasteleku eta garajean toki bana izango dute etxebizitza horiek. Zozketa hilaren 17an egingo dute, hurrengo asteazkenean. Landetxeko auditorioan izango da zozketa, 18:00etan hasita.
Agerrealde inguruko bizitoki hauetarako 234 bizikidetza unitatek eman zuten izena eta 152 eskaera onartu dira, baldintza guztiak betetzen dituztelako.
Eskaera eta alegazio guztiak ebatzita, datorren asteazken goizean egingo dute onartuen behin-betiko zerrendaren onartzeko ezohiko udalbatzarrean. Ondoren, arratsaldean, egingo dute zozketa. Ekitaldi publikoa izango da, edozein interesatuk izango du agertzeko aukera. Notario aurrean egingo dute, prozesu guztiaren gardentasuna bermatzeko.
Zozketaren mekanika
Oiartzungo Udalak zozketaren mekanikaren berri eman du. Horrela, interesdun bakoitzak zenbaki bat izango du, goiz horretan argitaratuko den zerrendan argitaratuko dutena. Zenbaki horiek izango dira ontzian sartuko direnak. Bigarren ontzi batean etxebizitzen txartelak sartuko dituzte.
Etxebizitza mota ezberdinak daudenez, horren arabera egingo dituzte zozketak. Izaera iraunkorreko ezgaitasuna duten pertsonentzat egokitutakoa esleituko dute lehendabizi. Baldintza guztiak betetzen dituzten hiru bizikidetza-unitateren artean zozketatuko da. Itxaron-zerrenda osatuko dute egokitu ez zaien bi familiekin lehenengo eta baldintzaren bat betetzen ez dutenekin gero (etxe honetarako hala aurreikusi baitzen oinarrietan).
Hiru logelako bost bizilekuen zozketa egingo dute ondoren, lau kide edo gehiagoko zazpi bizikidetza unitateren artean. Ondoren, bi logelako sei etxebizitzak esleitzeko zozketa egingo da, 139 hautagairen artean.
Itxaron-zerrenda
Etxebizitzak esleitu ondoren, hiru eta bi logelako bizitokien itxaron-zerrendak osatuko dituzte, etxea tokatu zaionetako batek uko egingo balu nori esleitzea erabakitzeko.
Etxebizitzen behin-behineko esleipendunen zerrenda udaletxeko iragarki-taulan jarriko da ikusgai, eta hautatutako bakoitzari ere jakinaraziko zaio. 30 eguneko epean, beharrezkoa den dokumentazioa eskatuko die udalak esleipendunei. Epe horretan eskatutako agiriak aurkezten ez badira, uko egin dela ulertuko da eta itxaron zerrendako lehenengoari eskatuko zaio dokumentazioa, adierazi dutenez.