Elkartasun bustialdia
'Esklerosi anizkoitzagatik busti zaitez' iniziatiba egingo dute igandean ADEMGI erkarteak antolatuta.
Urteroko hitzorduari ez dio hutsik egingo Errenteria-Oreretak, eta aurten ere, igandean zehazki, elkartasun bustialdia hartuko dute dozenaka herritarrek. ADEMGI elkartean antolatuta, Gipuzkoako hainbat udalerritan esklerosi anizkoitza erdi-erdian jarriko du Esklerosi Anizkoitzarengatik Busti Zaitez kanpainak. Helburuak: gizartea sentsibilizatzea, eta baliabideak lortzea. Sentsibilizazioaren barruan, gaixotasun neurologiko horrek eragiten dituen arazoez informatzea izango dute helburu, eta baliabideak lortzeko arloan, berriz, Gipuzkoako Esklerosi Anizkoitza Elkarteak gaixotasuna duten pertsonentzako eskaintzen dituen errehabilitazio zerbitzuak finantzatzeko dirua lortzea.
Igandean bustitzeko, hamaika arrazoi. Ondokoak, batzuk baino ez: Gipuzkoan 750, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan 2.700, eta Espainiako Estatuan 55.000 pertsonek dute gaitza eta haren zergatia gaur gaurkoz ezezaguna da; trafiko istripuen ondotik, pertsona heldu gazteen desgaitasunaren bigarren arrazoia da esklerosi anizkoitza; edota elkarteak gaixotasuna duten pertsonen bizitza duintzeko beharrezkoak dituen bitartekoak izan ditzan.
Lagundu nahi duten herritarrek Fanderiako igerilekuan igandean, hilaren 14an, izango den postuan aurtengo ekitaldirako diseinatutako merchandising produktuak erosteko aukera izango du. Halaber, dohaintza egiteko aukera ere izango dute.