Bakailaoa nahierara Niessen Elkartearen txapelketan
Hamazazpi elkarte, gehienak Errenteria-Oreretakoak, ariko dira Niessen elkartearen Bakailao Txapelketan astelehenetik ostegunera. Sari banaketa ostiralean egingo dute Niessen elkartean.
Madalenen egitarau barruan txertatuta egin du bidea aurten arte Niessen elkartearen Bakailao Txapelketak, hilaren 23an zehazki. Aurten, ordea, datak aurreratu eta egun bakarrean egin beharrean lau egunera pasa dute lehiaketa. Atzo aurkeztu zuten datorren astelehenean (hilak 15) hasi eta ostegunera arte (hilak 18) egingo duten txapelketa Niessen elkartean, eta bertan izan ziren parte hartuko duten elkarte guztietako ordezkariak; 17 dira denera.
Beste aldaketa baten berri ere eman zuten aurtengo ekitaldiarekin lotuta Alberto Mendigutxia eta Fernando Lopetegi Niessen elkarteko kide eta lehiaketaren antolatzaileek, —bigarrena, gainera, txapelketako presidentea ere izango da—. Orain arte pil-pil eran prestatu behar zuten lehiakide guztiek bakailaoa, aurten baina, nahi duten modura ahalko dute prestatu lehiaketara aurkeztuko duten platera. Bakailao gatzatu bost zati jaso zuen elkarte bakoitzak atzoko aurkezpenean, eta orain, horiek nola kozinatu erabaki beharko dute saria irabazteko.
Epaimahaia Aitor Arandigoien Hondarribiko Arraunlari jatetxeko sukaldariak, Maider Barros eskubaloi jokalaria —Espainiako selekzioarekin Munduko Eskubaloi Txapelketa irabazi berri du—, Sihara Nuño idazle eta olerkaria, eta Carlos Gonzalez Peñascal Fundazioko sukaldaritza irakasleak osatu dute; Gonzalez izango da epaimahaiaren lehendakaria. Plateren aurkezpena, kalitate teknikoa eta zaporea izango dituzte kontuan.
Platerak aurkezteko ordutegi jakina izango dute elkarteek, eta hori zorrotz betetzeko eskatu dute antolatzaileek, Lopetegik eta Mendigutxiak azaldutakoaren arabera platerak atzerapenarekin ez aurkeztea zigortu egingo duelako epaimahaiak. Azpimarra, beraz, antolatzaileek ordutegia errespetatzeari. Egunero lau elkarte lehiatuko dira, astelehenean izan ezik, bost ariko dira egun horretan, eta platerak 20:00etatik 20:30era arte aurkeztuko dituzte 10 minutuko tartearekin —astelehenean 20:40a izango da azken txanda—.
Parte hartzaileek bosna plater aurkeztu beharko dituzte prestatutako gutiziekin, eta hortik aurrera epaimahaikideek baloratuko dituzte platerak bana bana irabazlea eta bigarren eta hirugarren postuak erabakitzeko. Jakinarazi, berriz, sotiralean egingo dute, 20:00etan Niessen elkartean bertan.
Agerraldia bukatzeko eskerrak eman zizkien Mendigutxiak txapelketa posible egingo duten babesleei, Escudero Upategia eta Egiluze Sagardotegiari.
Astelehena, 15
- 20:00: Landare elkartea
- 20:10: Euskaldarrak Elkartea
- 20:20: Beraun Bera elkartea
- 20:30: San Huberto elkartea
- 20:40: Batasuna elkartea
Asteartea, 16
- 20:00: Yola elkartea
- 20:10: Niessen elkartea
- 20:20: Gau Txori elkartea
- 20:30: Arditurri elkartea
Asteazkena, 17
- 20:00: Hermanos CAmino elkartea
- 20:10: Bierrota elkartea
- 20:20: Itsasmendi elkartea
- 20:30: Aldeguna elkartea
Osteguna, 18
- 20:00: Ostarte elkartea
- 20:10: Amulleta elkartea
- 20:20: Txepetxa elkartea
- 20:30: Alkartasuna elkartea
Ostirala, 19
- 20:00: Sari banaketa Niessen elkartean.