Ander Garaiarrek brontzea lortu du Espainiako 100 metroko Txapelketan
18 urte azpiko kategorian nagusitu da oiartzuarra. Xuban Yarzak Euskadiko selekzioarekin lortutako zilarrezkoari batu zaio.
Talde txikia da Haurtzaro Atletismo Taldea, baina talde txikietako kideek ere balentria handiak lor ditzakete. Ander Garaiar atleta oiartzuarrak Espainiako 100 metroko Txapelketan parte hartu zuen, 18 urtez azpiko kategorian.
Malagan (Andaluzian) jokatu zuten txapelketa, eta oiartzuarrak hirugarren postuan bukatu zuen. Brontzezko domina Oiartzunera ekartzeaz gain, beste lorpen bat ekarri zuen Andaluzia aldetik: bere marka pertsonalik onena ezarri zuen final horretan. 10,76 segundora jaitsi du bere markarik onena.
Ez da azken asteetan Haurtzaro Atletismo Taldeak lortu duen emaitza on bakarra. Xuban Yarza atleta Madrilen lehiatu zen ekainaren 1ean, froga konbinatuko Espainiako Txapelketan. Euskal Selekzioarekin joan zen, eta bigarren postua eraman zuten taldeen sailkapenean.
Haurtzaro Atletismo Taldeak bi garaipen horien garrantzia nabarmendu du. “Klub xume bat izanda guretzako lorpen handia da bi gazte hauek egindakoa, batez ere kontuan hartuta entrenatzeko ditugun zailtasunengatik, material zein azpiegitura faltagatik, batez ere”.
[Irudiak, Haurtzaro Atletismo Taldearen Instagram kontutik ateratakoak dira]