Beraun eta Bizarain arteko zubia berritzen ari dira, segurtasuna hobetzeko
Bizaraingo hezkuntza-komunitateak eta Beraungo auzo elkarteak egindako eskakizuna kontuan hartuta, babes pantailak jarri dituzte.
Beraun auzoa eta Bizarain batzen dituen zubian —autobidearen gainekoan— lanak egiten hasi da udala. Babes pantailak jarriko dituzte, eta hilabete honen bukaerarako amaitzea espero dute.
Instalazio hori Bizarain Ikastolako guraso elkartearen zein Beraungo auzo elkartearen eskakizunak kontuan hartuta egingo da. Izan ere, udalari eskatu diote auzoaren eta ikastola dagoen mendiaren arteko oinezkoen konexioaren segurtasuna hobetzeko.
Udalak gogorarazi duenez, orain arte zubiaren barandak metro bateko altuera du. Lanak bukatzerakoan, 40 zentimetro gehiago izango ditu baranda horrek; araudiak ezarritako neurria gaindituz.
Espaloi berean, eguraldi txarrari aurre egiteko itxitura bat egingo dute. Horretarako, xafla zulatuak eta polikarbonatozko moduluak jarriko dituzte. Altuera, kasu horretan, 2,02 metroko izango da.
Esku-hartze horrek aldundiaren baimena duela nabarmendu du udalak. Foru erakundearena da titulartasuna.