ABB Niessenen enpresa ituna adostu dute
Langileen adostasunarekin sinatu dute ituna. Langileen egindako mobilizazioen garrantzia nabarmendu du ordezkari gehien dituen LABek.
ABB Niessen lantokian enpresa ituna sinatu dutela jakinarazi du LABek. Sindikatuak lau ordezkari ditu bertan, eta enpresa-batzordea osatzen du ELAko hiru eta UGTko bi ordezkarirekin batera.
Asteazkenean, uztailak 10, langileek proposamena bozkatu zuten, eta 120 langiletik 119k babestu zuten. Hiru urteetarako ituna adostu dute, beraz.
LABek errepasoa eman die lortutako eskaerei. Honakoak dira:
-
Soldata igoerak:
◦ 2024: KPI + 0,3
◦ 2025: KPI + 0,3
◦ 2026: KPIa bermatzen da eta KPIaren zenbatekoaren arabera igoera gehigarri bat adostu dute, KPI + 0,5 artekoa izan daitekeena. -
Urteko lan orduak: 2025etik aurrera 16 orduko lanaldi murrizketa.
-
Lana eta bizitzaren arteko kontziliazioa:
-
Senideak medikuarengana laguntzeko baimena zortzi orduan handitu da.
-
Langileek familia eskubide berbera izango dute senide ez den pertsona bat zaintzeagatik, mendekotasun legearen arabera zaintzaile nagusi gisa erregistratua badago; ZIUN edo tratamendu onkologikoan dauden familiarrak laguntzeko 30 eta 50 ordu arteko baimena, ahaidetasunaren arabera.
-
50 urtetik goragoko langileek gaueko txandak murrizteko aukera izango dute.
-
-
Enplegua: Lanpostuak mantendu eta lan-taldea berritzeko neurriak hartu dira, errelebu kontratua bermatuko da eta erreleboa hartzen dutenak kontratu mugagabearekin sartu dira.
Langile borrokaren garrantzia
LABek esan duenez, “langileen borrokari esker” sinatu da enpresa ituna. Izan ere, bost egunetan lanuzteak egin zituzten, ituna sinatzea lortu arte. “Horregatik Niesseneko langileak zoriondu nahi ditu LABek, zeren beraien borrokarik gabe ez bailitzateke enpresa akordio duin bat lortuko”, adierazi du sindikatuak.
Borrokaren eraginkortasuna azpimarratu nahi izan du sindikatuak. “Borrokaren bitartez erakutsi dugu aberastasunaren banaketan pausoak eman daitezkeela, baita bizitzak erdigunean jartzeko pausoak eman ere eta bizitza bizigarriagoa izan dadin neurri desberdinak lortu dira azken enpresa itun honetan”.
Borrokak “merezi” duela gaineratu dute, eta horren bitartez “akordio duinak” lortzen direla.