Lurraldebusen zerbitzu bereziak madalenetan
Hilaren 21etik 24ra gaueko zerbitzu bereziak egingo dituzte Donibane-Donostia (E71), Oiartzun-Donostia (E72), Errenteria-Donostia (E75) eta Hondarribia-Donostia (E77) arteko autobus lineek.
Madalenak direla eta zerbitzu berezia eskainiko du Lurraldebusek, eta hala, hilaren 21etik 24rako gauetan zerbitzu bereziak egingo dituzte Donibane-Donostia (E71), Oiartzun-Donostia (E72), Errenteria-Donostia (E75) eta Hondarribia-Donostia (E77) arteko autobus lineek. Zehazki, larunbatetako ohiko ordutegiak izango dituzte, eta hilaren 25etik 26rako gauak, berriz, linea horiek guztiek jai bezperetako ohiko ordutegiak izango dituzte.
Gipuzkoako Foru aldundiko, Mugikortasun, Turismo, eta Lurralde Antolaketako departamenduak bermatu nahi izan du Errenteria-Oreretara hurbildu nahi dutenek modu jasangarri, seguru eta erosoan egin dezaten: “Ezin dugu ahaztu garraio publikoa dela pertsona askok mugitzeko duten modu bakarra, eta beraz, aisialdirako sarbidea ere bermatu behar dugu, esan du Azahara Dominguez departamentuko diputatuak.
Aizpea Otaegi Errenteriako alkateak ere garraio publikoa erabiltzearen aldeko hautua egitera deitu ditu Errenteria-Oreretako madalenetara gerturatu nahi duten herritarrak: “Madalenez gozatzera beste herri batzuetatik datozen herritarrak garraio publikoaren bidez etortzera animatu nahi ditugu. Gure herriak duen garraio publikoko lotura anitzak erabilita, tartean baita Lurraldebusek eskaintzen duen zerbitzua ere”.