Dizdizka abesbatzak, Harri Beltzaren urteroko kontzertuan
Prebentzio-kanpaina burutuko duen kontzertuan Errenteria-Oreretako gazte abesbatza arituko da, hilaren 31n. 28. ekitaldia izango da aurtengoa.
Harri Beltza elkartea prebentzio-kanpaina betean dabil, gogoraraziz kontuz ibili behar dela sexu-harremanen bidez transmititzen diren gaixotasunekin. Urtero bezala, kanpaina hori burutzeko kontzertua egiten dute Done Eztebe parrokian. Aurtengoa 28.a izango da, eta gonbidatuak ondoko herritik etorriko dira: Errenteria-Oreretatik.
Landarbasoko Dizdizka abesbatzak emango du kontzertua, 19:30ean hasita. Joseba Errekalde Harri Beltza elkarteko kideak adierazi duenez, urte osoan zehar prebentzioa lantzen dute, baita “ahal duten heinean” GIBa dutenei laguntza ematea ere.
Urteroko kontzertua elkartearen “plazaratzea” izan ohi dela gaineratu du Errekaldek, eta elkarteak eragin-esparrua Gipuzkoan badu ere, Oiartzungoak direla. “Herriari zerbait eman nahi diogu, eta eskaintzen dioguna kontzertua da”, zehaztu du.
Aurten, gainera, “bide berriak” eman nahi dizkiete gazteei, eta horregatik gonbidatu dute Landarbasoko Dizdizka. “Elkartasuna eta hunkidura batzen dira ekitaldian”, ziurtatu du Harri Beltzakoak.
Emanaldia doan izango da, ohi bezala. Beheko estekan sakatuta ikus daitezke errepertorioa eta abesbatzaren ibilbidea.