Santio jaien egitaraua herritarren eskura jarri dute
Uztailaren 23tik uztailaren 31ra ospatuko dituzte donibandarrek aurtengo Santioak. Jai horiekin amaituko da Pasaiako festa sorta.
Pasaiako azken jaiak lehertzeko gero eta gutxiago geratzen den honetan, egitaraua lau haizetara zabaldu berri dute antolatzaileek. Aurtengo Santioak uztailaren 23tik uztailaren 31ra bitartean izango dira, San Inazio egunera arte, alegia. Bederatzi egun izango dituzte donibandarrak aurtengo festez gozatzeko, eta, ez dute aspertzeko denborarik ere izango, jarduerez lepo baitator aurtengo egitaraua.
Ikurrinaren igoerak zabalduko du egitaraua, uztailaren 23an, eta, uztailaren 24ko txupinazoa izango da egitarauko bigarren eguneko hitzordu nagusia. Gero, Santiago egunaz gozatzeko aukera izango dute donibandarrek, bai eta uztailaren 26an Santa Ana egunaz ere. Aldiz, San Pantaleon eguneko sardinak izango dira nagusi uztailaren 27an.
Hilaren 28an, 29an eta 30ean ere hamaika jarduera antolatu dituzte donibandarrentzat, harik eta uztailaren 31ko ikurrina jaitsierak festei amaiera emango dien arte.
Pasaiako udalen webgunean dago eskuragarri egitarau osoa.