Altzibarko etxebizitza tasatuak, zozkatuta
Saio irekia egin dute asteazken arratsaldean. Etxebizitzen onuradunen izenak ateratzeaz gain, itxaron-zerrenda ere osatu dute.
Altzibarko hamabi etxebizitza tasatuak zozkatu zituzten atzo, Landetxe auditorioan. Publikoa izan zen, eta notarioaren aurrean. Modu horretan, Oiartzungo Udalak gardentasuna bermatu nahi zuela zehaztu zuen.
Hiru zozketa egin zituzten, etxebizitza motaren arabera. Izaera iraunkorreko ezgaitasuna duten pertsonentzat egokitutakoa esleitu zuten lehendabizi. Ondoren, hiru logelako etxebizitzak eta bikoak zozkatu zituzten, hurrenez hurren.
Horrez gain, etxebizitza suertatu ez zitzaienekin itxaron-zerrenda egin zuten, hurrenkera zehazteko zenbakiak banan-banan aterata. Udalaren webgunean ikus daiteke zerrenda osoa.
Etxebizitza egokitu zaienek Udalaren jakinarazpena jasoko dute, eta 30 lan-egun izango dituzte dokumentazioa aurkezteko (jakinarazpenean jasoko dituzte xehetasunak).
Esleipendunen batek uko egingo balu edo agiriak aurkezten ez baditu, udalak jakinarazi duenez, itxaron zerrendako lehenengoari eskatuko zaio dokumentazioa.