Autobus lineak indartzeko eskatu diote gizarte eragileek aldundiari
Errenteria-Oreretako gizarte eragileek aldundiaren Mugikortasun departamentuari egungo lineak indartu eta murrizketarik ez egiteko eskatu diote berriro.
Zerbitzu publikoen segimendu zorrotza egiten ari dira auzo elkarteak, erretiratuen elkarteak, mugimendu feminista eta Duintasuna elkartea. Jakin badakite ezinbestekoak dituztela bizitza duinak bermatzeko, eta argi esan dute ez dutela horien gaineko murrizketarik onartuko.
Tamalez, berriz ere, murrizketak dituzte hizpide eragile horiek; autobus zerbitzuen gutxitzeak piztu du alarma, eta berehala eskatu dute horien lehengoratzea. Zehazki Lartzabal Donostiarekin lotzen duen E10 linea aktibatzeko eskatu dute. Egungo egoeraren irakurketa ere egin du zerbitzu publikoen defentsan ari den eragile sarea komunikabideetara helarazi eta Gipuzkoako Foru Aldundian sarrera emango dion idatzian.
Gogora ekarri du, lehenik, Errenteria-Oreretako gizarte eragileek E15 linea mantentzea lortu zutenean argi utzi zutela ez zela nahikoa neurri zehatz hori bere horretan, “ez da nahikoa egungo zerbitzua mantentzea, anbizioa behar dugu hori hobetzeko. Izan ere, une honetan dugun zerbitzuak gabezia handiak ditu”.
E20 —Hondarribia, Errenteria, Donostia— eta E26 —Irun, Errenteria, Donostia— autobus lineak 15:55etatik aurrera ezabatzeak autobusak lepo joatea eragin duela salatu dute eragileek, “horrek atzerapen handiak eragin dute aldi berean lineetan, bidaiari askoz gehiago ari direlako erabiltzen zerbitzu horiek autobus gutxiagorekin; egunean hamabi bidaia gutxiago egiten ari dira”. Horri Lezo eta Donibane arteko bidegorria egiteko lanek E01 eta E03 lineetan eragindako atzerapenak gehitu dizkiote. “Lanbarren eta Lintzirin eremua 15 minutuko frekuentzia izatetik 30 minutuko frekuentzia izatera pasa da. Ondorioz autobusak gainezka iristen dira Iztietako geltokira”.
Larunbat eta igandeetan egoerak okerrera egiten duela nabarmen jarri dute, gainera, “linea guztiek dituzte autobus gutxiago, eta eguraldi onarekin edota ekitaldiren bat dagonean bidaiari kopurua bikoiztu eta atzerapen handiak izaten dira lineak kolapsatuz”.
Egoera hau izanik sinistuta daude eragileak aldundiak proiektu berrian proposatutako aldaketetako batzuk egoera okertuko dutela: “Izan ere E05 linea lau autobus izatetik 3 izatera pasako da. gainera egungo E15 eta E03 linea bakarra izango dira proiektu berriarekin. Gaur gaurkoz bi autobus nlinea horietako lehenengo bi zerbitzuak jendez gainezka joaten dira, ez dugu imajinatu ere egin nahi gertatuko dena bateratzen dituztenean”, esan dute kezkatuta.
Hori horrela Errenteria-Oreretako gizarte eragileek aldundiaren Mugikortasun departamentuari egungo lineak indartu eta murrizketarik ez egiteko eskatu diote berriro, “zehazki E10 linea, Lartzabal Donostiarekin bi norabideetan lotzen duen zerbitzua aktibatzeko eskatu diogu”.
