Festa egarria laster batean itzaliko dute
Bi egun baino ez dira falta urteko egunik handiena heltzeko, eta jai batzordeak ondutako egitarauaren barruko 130 ekitaldiekin gozatzeko. Has dadila festa!
Hasi da atzerako kontaketa. Bi egun baino ez dira falta txupinak eztanda egin eta festak hasteko. Igandean izango da hori. Baina asteburua izanik, aurreratu egin dira madalenak, eta bihartik hasita izango da zer gozatua Errenteria-Oreretan. OaingozHau dinamikaren barruan, gazteak izango dira protagonistak biharko Gazte Egunarekin, goizean hasi eta gaueko ordu txikiak arte: joko, bazkari eta musika eskaintza zabala ondu dute. Ez da aldez aurretik aurreikusitako ekitaldi bakarra; izan ere, Madalen Aurreko Txistulari Kontzertua egingo dute Zumardian gonbidatu handi bezain bereziarekin: Eñaut Elorrieta.
Egun handia igandean izango da. 14:00etan Herriko Plaza girotzen hasiko dira jai batzordeak antolatu duen herri bazkarian parte hartzen dutenek. Unerik bereziena 19:00etan helduko da, txupinazoarekin. Suziria, Aizpea Otaegi alkateak nabarmen jarri duen moduan, «konpromiso eta inplikazio» eredu diren DYAko boluntarioek piztuko dute. Horiek dira aurtengo omenduak, eta txupinaren eztandarekin lehertuko da festa Errenteriako Musika Bandaren Zentenarioa-ren erritmora. Berezia izango da momentu hori, hunkigarria, enegarrenez: plaza bat festari emanda, herri anitz bat dantzan eta kantuan, txunpa, txunpa, txunpa algaratsuan murgildua. Hitzez deskribatzea zail den momentua, bizi beharra dagoena, eta batez ere sentitu.
Txupinazo nagusia hori, baina ez bakarra. Aurten ere hiru txupinazo izango dira aukeran, eta nagusia bizitzeko beste bi modu. Mila Koloretako Txupinazo Txikia izango da guztietan lehena, 18:00etan Koldo Mitxelena plazan, eta gazteak batuko ditu Gernika plazan izango den holi txupinazoak. Txupinazo nagusia lasaitasunetik bizi nahi dutenentzat, berriz, zuzenean ikusteko pantaila erraldoia jarriko du udalak zumardian. Zuzenean ikusteko aukera izango da, halaber, streaming bidez (klik hemen) udalaren webgunean. Hortik aurrera bost egun jaiak bizi eta gozatzeko. Publiko guztiei erantzuteko 130 ekintzatik gora antolatu ditu jai batzordeak «herritik eta herriarentzat»: erakusketak, musika, antzerkia, kirol jarduerak, dantza, lehiaketak, eta dastaketa gastronomikoak, besteak beste. Horien guztien artetik 65 musika emanaldiak izango dira.
Jaietan ere eredugarri izateko deia
Otaegik, udalbatzaren izenean, dei egin die herritarrei ondo pasa, eta jaietan ere «herri eredugarri» izateko: «Ospatu dezagun garena errespetutik eta aniztasunetik, ardura hartuz jaiak eredugarri izan daitezen». Bide beretik egin du jai batzordeak; festak errespetuan eta libre bizitzera deitu ditu herritarrak: «Jaiek denen gozamenerako behar dute, erasorik gabeko madalenak ditugu helburu». Lepoko gorri-urdina janztera deitu dute: «Gozatzera, jaiak marraztuz, haietan parte hartuz, jai herrikoiak biziz».