Orereta Ttikiren bidea azkenera heldu da
Matrikulazio jaitsierak eta lokalaren zesioaren bukaerak ateak ixtera eraman du Orereta Ttiki haur-eskola. Hiru hamarkada luze eman ditu lanean, haur eta familiei erantzuten.
Ateak itxiko ditu gaur Orereta Ttiki haur-eskolak. Pena handiarekin bizitzen ari dira egoera zentroaren ibilbide luzearen parte izan diren langile ohiak. Horien izenean mintzatu dira Ixiar Garbizu Kortajarena, Alejandra Gomez Susperregi, Ainhoa Gil Gurrutxaga, eta Silvia Gonzalez Oiarzabal.
Laurak langile izan dira, nahiz eta dagoeneko ez diren bertan ari, eta haur-eskolatik pasa diren langile guztien izenean eskerrak eman nahi dizkiete proiektuaren arduradunei: «Etxean sentitu gara bertan lanean aritu garen bitartean, hala sentiarazi gaituzte uneoro, denak lankide izan gara, ez dugu nagusirik izan dugunik sentitu».
Hiru hamarkada luze egin ditu Orereta Ttikik —Agustinak auzoan lehenik, eta Erdialdeko Peñafloridako Kontearen plazan ondoren— lanean, 0-2 urte arteko haurrei eta horien familiei erantzuten. Baina azkenera heldu da bidea. Ixteko arrazoiak: matrikulen jaitsiera, eta duten lokalaren lagapenaren bukaera. 2026an bukatuko zaie lagapen hori.
Ez dute zalantzarik langile ohiek, Orereta Ttiki erreferentea izan dela Errenteria-Oreretan haur-eskolen alorrean diote harro: «Hasi ginen garaian udal haurtzaindegia, mojen ikastetxekoa eta Orereta Ttiki zeuden. Erdialdean zegoen bakarra zen Orereta Ttiki, eta familia asko-askorentzat erreferente bihurtu zen. Gure seme-alabak bailiran hezi ditugu bertatik pasa diren haur guztiak». Erratzeko arriskurik izan gabe esan daiteke dozenaka eta dozenaka izan direla heziketa prozesua bertan hasi dutenak nabarmen jarri dutenez, «urteko 42 haur aritu dira Orereta Ttikin», 30 urtean 1.260 haur dira horiek. Haur-eskola txikia izateak ere eman die beste abantaila, langile ohiek nabarmen jarri duten moduan: «Langileen artekoa, ahizpen arteko harremana izan da. Familia izan gara langileak, bertatik unean-unean pasa diren haurrak, haien gurasoak, baita aiton-amonak ere».
Harreman berezia
Aspaldi bereizi zituzten euren bideak haur-eskolatik batzuk, besteek duela gutxi, baina bat datoz denak: «Orereta Ttikin emandako urteak oso bereziak eta politak izan dira. Mundu guztiak oso ondo hitz egiten zuen haur-eskolaz». Gogoan dute matrikulazio garaian goiz-goizetik ikaragarriak zirela ilarak, ate paretik hasi eta plazan barrena lekua lortzeko, «atentzioa ematen zuen biltzen zen jende mordoak».
Txikitan Orereta Ttikitik pasatako haurrek, horien gurasoek, baita aiton-amonekin ere kaletik topo egin eta agurtzeak poz berezia eragiten diela aitortu dute, «oso harreman berezia sortu da urte luze horietan bertatik pasa diren haur eta familiekin, baita langile izan garenon artean ere».
Zentroak ateak itxiko dituen egunean esker ona adierazi nahi izan dute lau langile ohiek, langile guztien izenean: «Eskerrak haur-eskolaren arduradunei, bertan aritu diren haurrei, familiei; ikasketa esperientzia ikaragarria izan da». Itxierak «tristura» eragin die; hala ere, jakin badakite herriko haur eta familia ugariren bizi ibilbidearen parte izatearekin batera, horien guztiengan arrastoa utzi dutela, «gugan Orereta Ttikik utzi duen bezala».
Orereta Ttiki haur eskolako arduradunek gutuna idatzi dute esker ona adierazteko. Irakurtzeko egin klik hemen.