Txikiek handia egin dute festa
Mila Koloretako Txupinazo Txikia izan da guztien artetik lehena, eta beste urte batez, txikienek jaiak handi egiten badakitela utzi dute agerian.
Kolorea eta alaitasuna barra-barra zabaldu dute OarsoIrriak antolatutako txupinazo txikian parte hartzen duten haur eta familiek herriko kaleetan barrena. Txupinazo hori, txikia, izan da aurten ere ospatzen lehena eta ez du inor epel utzi, txikienek erakutsi baitute festa handia egiten badakitela. Bostak eta laurdenean abiatu da Batuburrunba Zumarditik bertara bildu diren parte hartzaileek sortutako musika instrumentuen hotsek lagunduta, aurten ere. 32 haurrek egin dute pregoia, eta Batuburrunba berriz, lehen aldiz zuzendu dute haur eta gurasoek, denera, hamabost haurrek izan dute ardura hori eta Zumardira bildutako familiak Koldo Mitxelena plazaraino gidatu dituzte musikak lagunduta. Giroa itzela txikiek jaiari jarri diotena, eta giroarekin batera, kolorea, askotarikoa.
OarsoIrriak dinamikak antolatuta Koldo Mitxelena plaza egin dute euren pregoia eta txupinazoa; eurena, haurrek erabakitakoekin eta adostutako moduan sortutako jaia baita Mila Koloretako txupinazo Txikia. Behin Koldo Mitxelena plazara helduta, pregoia, hamarretik hutsera arteko atzerako kontaketa, eta mila koloretako konfetiz betetako txupinaren eztanda alaia. Hasi da festa txikienentzat eta bost egunez izango dute zer eta non gozatu, beraien neurrira, haurren beraien elkarlanetik sortutako egitarau eder eta anitzarekin.