Udalak elkartasuna adierazi dio San Juan-Koxtape arraun taldeari
Adierazpen instituzional baten bidez udalak dagokien arduradunei gertaeren ikerketa egiteko eta beharrezko lege neurriak hartzeko eskatu die.
Pasaiako Udalak “erabateko gaitzespena” erakutsi du adierazpen instituzional batean San Juan-Koxtape arraun taldeak Pedreñan (Kantabria, Espainia) jasandako erasoaren aurrean. Eta, ildo beretik, dagokien arduradunei gertaeren ikerketa sakona egiteko eta beharrezko lege neurriak hartzeko eskatu die “ekintza negargarri horren kontra”.
“Indarkeria salagarria, gaitzesgarria eta arbuiagarria da une eta leku guztietan. Baita, gainerako esparruetan bezala, kirol arloan ere. Kirolak indarkeriaren aurkako balioak goraipatu eta sustatu beharko lituzke, eta beraz, administrazio publikoek, klubek, federazioek, talde teknikoek eta kirolariek elkarrekin lan egin behar dugu horrelako ekintzak desagerrarazteko”, jarraitu dute.
Bestalde, herri eta komunitate guztien arteko bizikidetza baketsurako deia egin dute idatziaren bidez, haien hitzetan funtsezkoa delako elkarrekin lan egitea diskriminazio, xenofobia eta indarkeria mota oro gure gizartetik desagerrarazteko.
Noski, elkartasuna ere erakutsi diete arraun klub sanjuandarreko kirolariei, eta baita haiekin zihoazen prestatzaile eta gainerako kideei ere: “Klubarekin etengabeko harremanetan gaude, eta haiekin jarraituko dugu prozesuaren urrats bakoitzean”.