«Zikintzea, behatzak beltzez tindatzea atsegin dut gehien»
Hamaika liburu eta komikitako marrazkien sortzaileak tintaz marraztu eta zikintzea du gustukoen, baina edozein teknikan moldatzen da bikain errenteriarra.
Paisaiak, animazioa eta batez ere dekorazioa marraztea du gustuko Iñaki G. Holgado (Errenteria, 1972) marrazkigileak. Hogei komiki liburu, eta haur literaturako hamar libururen ilustrazioak ditu soinean, beste dozenaka lanekin batera, eta gehien-gehienak merkatu franko-belgikarrean argitaratuak dira. Arlo, gai eta teknika guztietan bikain moldatzen da sortzaile errenteriarra, baina batez ere, tintaz margotzea du gustuko, eta zikintzea, hatzak belztea lanean den bitartean.
Marrazkiaz bizi da, horretan jarraitu ahal izatea du amets, baita Europako komiki onenak aitortzen dituen Angulemeko saria noiz edo noiz etxeko apalategian jarri ahal izatea nahiko luke ere.
Ilustratzailea, marrazkilaria, komikigilea… Non aurkitzen zara gusturago?
Nik beti diot marrazkilaria naizela. Horren barruan, haurren liburuetarako ilustrazioak, eskoletarako testu liburuen ilustrazioak, marrazki bizidunak, komikiak, eta publizitatea sartzen dira. Azkenean denetatik egiten dut, bizimodua nolabait ere aurrera atera behar dudalako.
Egia da animazioan espezializatu naizela, marrazki bizidunetan, eta batez ere azken horietarako dekoratuetan eta komikigintzan. Euskal Herrian lauzpabost komiki argitaratu ditut baina gehien-gehienak merkatu franko-belgikarrean argitaratu ditut, hamabi bat dagoeneko.
Zergatik etxetik kanpo? Zailagoa da Euskal Herrian bertan komikiak egitea?
Komikien arloan, lana, dirua eta irakurleak Ameriketako Estatu Batuetako inoiz interesatu ez zaizkidan superheroiek; bereziki gustuko ez ditudan Japongo Manga komikiek; eta merkatu franko-belgikarrak dituzte. Azken horrek nire gustuekin bat egiten du, batez ere gai historikoak lantzen dituztelako. Azken horien formatua ere ezberdina da, eta denbora gehiago izaten da lana egiteko ale eta ale artean; urtebete izaten dut lana egiteko. Irakurleak, enpresak eta industria ere bertan daude. Hori da etxetik kanpo askoz gehiago aritzearen arrazoia.
Honetaz bizi daiteke?
Bai, noski. 20 urte ditudanetik bizi naiz marrazkigintzatik, eta 30 joan dira dagoeneko. Zein da kontua? Dibertsifikatu egin behar duzula ikaragarri zure lana. Orain gutxi publizitate lan bat, storyboard bat, egin dut Burger King janari lasterreko katearentzat; komiki bat Elkar argitaletxearentzat; baina baita marrazki batzuk ere magoa den lagun baten kartela egiteko.
Finean, askotariko lanak egin behar izaten ditut, marrazkiarekin lotutakoak denak, baina oso-oso ezberdinak pasio dudanaz bizitzeko.
Zaila dirudi.
Bai, zaila da, ez dut ezetzik esango. Komiki bat lotu dezakezu, edo animazio film bat urtebeterako lana lortu, baina hala ere, hurrengoaren bila ibili behar duzu. Marrazkilaria naiz, baina baita komertziala eta administraria ere, azkenean dena egin behar duzu bizirauteko.
Noiz erabaki zenuen marrazkia izango zenuela bizibidea?
Beti marraztu izan dut, eta beti esan izan didate oso ondo marrazten dudala. Betidanik izan dut argi marrazkigintzarekin lotutako zerbaitera bideratu nahi nituela ikasketak eta bizitza profesionala. Ez zegoen, ordea, horrekin lotutako ikasketarik nire garaian, eta ikastaro bat egin nuen korrespondentziaz, komikigintzaren gainekoa. Nahikoa ondo zegoen.
Gerora diseinu grafikoa ikasi nuen, baina ez dut inoiz diseinatzaile grafiko gisa lanik egin. Azken urtean ikasten ari nintzela deitu ninduten Irungo Dibulitoon animazio estudiotik laguntzaile lanetan aritzeko, eta ordutik ez dut beste ezertan lanik egin, marrazkiari lotuta bizi naiz. Hori bai, orain nire estudioa dut Oiartzunen.
Amets bat marrazkiaren munduarekin lotuta?
Mantentzea honetan eta lanik falta ez izatea. Aurten Robot Dreams animazio filmarekin izendatu gaituzte Oscar sarietara; ez genuen irabazi azkenean, baina ikaragarria izan da bizi izan dugun esperientzia. Horra iristea handia da oso. Harrotasuna ematen du, baina talde handi-handi bat da saritzen dena, 200 laguneko lantaldea. Ez da komiki batean bezala, hor askoz jota lagun pare bati egiten diote aitortza, ez hain lantalde handiari.
Nola definituko zenituzke zure marrazkiak?
Hainbeste dibertsifikatu behar izanda ez dut estilo propio bat, batzuetan marrazki errealistagoak egiten ditut, baina besteetan infantilagoak dira nire lanak, beharren arabera. Ohitu naiz oso modu ezberdinetan eta ugaritan marrazten.
Eta zein generotan zaude erosoen?
Errealismoan, ez naiz fantasia zalea ezta fikzio zalea ere. Lehenengo eta Bigarren Mundu Gerrak islatu ditut askotan, lan kontuengatik, ez horiengan interes berezia dudalako. Gustuko dut, baina ez da gehien atsegin dudana. Animazioko dekoratuak egitea asko gustatzen zait, Fermin Muguruzaren Black is beltza filmean dekorazio arloa zuzendu nuen, eta dekoratuen erdia nik neuk egin nituen. Ederra izan zen esperientzia.
Egin duzun lanik zailena?
Ez dut gogoan bereziki zaila egin zaidan lanik. Fermin Muguruzarekin lan egitea egia da oso exigentea izan dela, oso zehatza zen nahi zuena, oso argi zuen nahi zuena, eta horretara hurbildu behar genuen ahalik eta gehien. Zailtasun aldetik, baina, ez dut gogoan lan bat bera ere sufriarazi nauenik.
Zein teknika erabiltzen dituzu zure lanetan?
Papera tinta txinatar beltz tradizionalarekin aritzen naiz, plumillak eta pintzelak klasikoa dira. Baina orain asko-asko erabiltzen dugu tableta magiko handi bat, mahai baten tamainakoa, eta boligrafo digitalarekin marrazten dugu haren gainean. Berdin marrazten da, baina borratzea errazagoa da. Tableta berean dituzu tinta, akuarelak, arkatzak…
Hala ere, gehien-gehien gustatzen zaidana tinta da. Zikintzea, behatzak beltzez tindatzea atsegin dut.
Proiekturen bat duzu esku artean?
Bi komikirekin ari naiz une honetan. Frantziako Grand angle argitaletxearentzat da bat, eta datorren martxo-maiatza arterako bukatu behar dut. Aldi berean, Elkarrentzat ari naiz beste komiki bat egiten, Martin eta Xabier Etxeberria anaien gidoiaren gainean marrazten. Haurrei begirakoa da.
Lehenengoa, Errusia eta Finlandia arteko gerrarekin lotutakoa da. Frankotiratzaile finlandiar oso ospetsu baten —Simo Häyhä— historian oinarrituta egin dute kontaketa, baina ez arlo belikoan zentratuta, sozialago batean baizik. Elkarrekin ari naizenean 1900 urte inguruan kokatuta dago, haurrak azaltzen dira, eta Bilbon girotua dago.
Ezin dut bata zein bestearen gaineko ezer gehiago kontatu, spoilerra egingo dut bestela.
Estudioa Oiartzunen duzu, Mamut eraikinean.
Bai, Irungo Dibulitoon estudioan hasi nintzen ikasketetako azken urtean, eta gero nire kontura jarri nintzen.
25 bildumatik gora ilustratu dituzu, ia ezer…
Horiek baino gehiago ere. Hogei komiki liburu, hamar haur liburu, eta horiekin batera aldizkariak ere baditut… Azkenean 30 urteko lana da.
Galdera zaila edo deserosoa: adimen artifiziala. Zein iritzi duzu?
Ikaragarri lan pila desagertzen ari da kontu horrekin, eragin handi-handia izaten ari da gure lan arloan ere. Adimen artifizialak oraintxe egiten duena da besteen lana pilatu, kopiatzeko. Zein da arazoa? Oso erraza dela, oso ondo egiten duela, eta doakoa dela, gainera.
Gertatu zait urteetan lana eman didaten publizitate agentziek jada ez eskatzea lanik. Ordenagailuan tekleatzen dituzu nahi dituzun marrazkiaren ezaugarriak eta berehala egiten dizu inteligentzia artifizialak nahi duzun hori, eta oso modu egokian gainera. Gai konplexua da egia esan, baina eragina izaten ari da jada.
Hori ez da plagioa?
Hor dago gakoa, sortzaile baten irudi pila erabilita sortzen duelako eta kasu batzuetan antzeman daiteke zati bakoitza zein marrazkitik ateratakoa den. Une honetan salatzen ari da, galga jartzen saiatzen ari da jendea, baina ez da lan erraza. Nik ondorioak pairatu ditut jada, esan dudan moduan publizitate agentzia batzuek ez didatelako jada lana eskatzen adimen artifizialaren bidez merkeago eta azkar batean lortzea dutelako. Komikia sortzaileagoa da, artistikoagoa eta agian, momentuz, ez dute kopiatuko, baina helduko da hori ere.
Belgikan izan zara azken lana aurkezten. Nolakoa da egin duzun azken lan hori?
Maiatza amaieran argitaratu zen, eta Normandiako lehorreratzea du oinarrian. 80 urte bete direnean argitaratu dute lana, baina ez du guda istorioa kontatzen, amerikarrek Frantzian egindako astakeriak baizik. Amerikarren askatzaile irudia zabaldu zuten Normandiako lehorreratzearen inguruan, baina horren atzean beste errealitate bat dago: bortxatu, hil eta nahi zutena egiteko eskubidearen jabe sentitu ziren, eta hori kontatzen du komikiak.
Kanporako egiten duzu lan gehienbat, baina etxean ere aurkeztu berri duzu Urtzi Leonet idazlearekin batera ondu duzun bigarren liburua. Itzalen dama eta Patxi bakallu bildumako lehenengo bi liburuen ilustrazioak egin dituzu. Nolakoa izan da prozesua?
Elkar argitaletxea jarri zen nirekin harremanetan. Lan asko egin ditut argitaletxe horrekin eta hark proposatu zidan ilustrazioak egiteko Urtzi Leonet idazlearen liburuarentzat. Ez nuen aurretik ezagutzen, eta ilustrazioak egiteko izan genuen lehen hartu-emana.
Liburuaren nondik norakoak kontatu zizkidan, ongi ulertu genuen elkar, eta aurrera egitea erabaki nuen. Bitxia izan zen, fantasiazkoa delako bere bilduma, eta horren barruan argitaratu dituen bi liburuak: jainkoak, mitologia… Atsegina zen marraztea, ez da egin ohi dudana, baina gustatu zitzaidan.
Bigarren liburuan ere nik egin ditut ilustrazioak.
Hirugarrenaren faltan, bidaia zurekin egin nahi duela esan zuen Leonetek bigarren liburuaren aurkezpeneko ekitaldian.
Bai, hala esan du. Oso gustura egin dugu lan elkarrekin. Lehenengo liburuak, gainera, erantzun ona izan zuen, eta bigarrenarekin zer gertatu zain gaude orain, ea berdin erantzuten duten irakurleek. Gustura aritu naiz berarekin eta hirugarrenerako ere erabat prest nago.
Inoiz egingo ez zenukeen marrazki edo ilustraziorik bada?
Uste dut ez dudala nire ibilbidean ezetzik eman. Egia da, politikarekin lotutakoak egiteko, eta zehatzago, alderdiren baten marka sortzeko oso identifikatua egon behar duzula ideologia zehatz horrekin, baita alderdiarekin berarekin ere. Zentzu horretan, aitortu behar dut halakorik ez nukeela egingo.
Hortik kanpo 30 urte hauetan ez diot ezeri ezetzik esan; pentsa, lanean hasi nintzenean Penthouse komikirako ere egin nituen marrazkiak.
Gustatuko al litzaizuke Errenteriarekin lotutako zerbait marraztea?
Bai, noski. Le reseau Comete —Comete Sarea— komikian Aiako Harria eta Bidasoko pasabidea marraztu nituen. Paisaiak marraztea ikaragarri gustatzen zait. Bertara joan nintzen, argazkiak egin eta horietan oinarrituta sortu nituen lan horretarako marrazkiak. Errenteriarekin lotutako zer edo zer marraztea ikaragarri gustatuko litzaidake.
Marrazkilari edo ilustratzaile bat?
Zinema animazioan, Miyazaki [Hayao]. Marrazkilariak asko dira.
Komiki bat?
Fabien Vehlmann eta Roger Ibañezen El dios salvaje
Teknika gustukoena?
Tinta.
Marrazkira eramateko garai bat?
Erdi Aroa, eta zehazki, duela 800 urteko herrixka bat.
Sortzeko espazioa?
Ahal denean, San Marko edo Listorreta.
Jaso nahiko zenukeen saria?
Angulemako saria. Europako komiki arloko lanik onenak aitortzen ditu, eta hori da nire lan esparrua.
Kolore bat?
Margotzeko, oso polita, laranja.
Sariek zer suposatzen dute?
Ilusio ikaragarria. Aurten bi jaso ditut, bata Marseillan eta bestea Holandan.