Orotariko emaitzak lortu dituzte Oarsoaldeko traineruek asteburuan
Donibaneko ontziak (gizonezkoak) bandera bakarra eskuratu du asteburuan. Hibaikak hiru puntuko aldearekin jarraitzen du Caborekiko. San Pedrok puntu bat gehiago atera dio Bueuri. Sanjuandarrek (emakumeak) bosgarren bukatu zuten Erandion eta Hibaikak asteburu polita burutu du.
Asteburu honetan denetariko emaitzak izan dituzte Oarsoaldeko ontziek, bakoitzak bere mailan, erronka propioak baitituzte.
Euskotren eta Eusko Label ligako ontziak dira Hibaika eta San Pedro. Emakumezkoen kasuan, Caboko ontziarekin lehia estua dute. Errenteriarrek zazpigarren postua ekidin nahi dute, eta momentuz, helburua lortzen ari dira. Hiru puntuko aldearekin bukatu dute asteburua. Larunbatean, Getxon, Caboren aurretik geratu ziren eta aurkariek baino puntu bat gehiago eskuratu zuten. Igandean, berriz, lehen luze oso ona egin zuten arren, itzuleran gorriak hobeto bueltatu ziren lehen kaletik. Sei estropadaren faltan distantzia hori mantentzen ahaleginduko dira. Datorren asteburuan Castron eta Orion arituko dira, biak ala biak itsasoan.
San Pedroko ontziak, berriz, asteburu gazi gozoa izan du. Larunbatean 10. izan zen, Lekittarra eta Bueu atzean utzita. Igandean, berriz, olatuak mendean hartu ezinik 12. postuan helmugaratu ziren. Dena dela, asteburuan haien aurkari zuzenak baino puntu bat gehiago eskuratu dute. Sei estropaden faltan hamaihru puntuko errenta dute moreek Bueurekiko. Horrek esan nahi du zuzeneko jaitsiera postua saihesteko bidean direla. Datorren larunbatean Castron eta igandean Orion arituko dira.
KAE1 eko ontzi liderrari dagokionez asteburu ona ondu dute. Larunbatean 7. bandera eskuratu zuen. Igandean, ordea, zortzigarren bandera eskuratzetik oso gertu izan ziren. Lehen aldia da denboraldi honetan lehen postua lortzerik izan ez dutena Erreka trainerukoek. Bigarren ziabogan Santurtziko arraunlariek aurreko txandan markatu duten denbora baino hiru segundo atzetik ziren arroxak. Azken zibogan tartea sei segundora zabaldu bazen ere laugarren luze bikaina egin zuten Donibaneko arraunlariek. Helmugan 21:02:15ko denbora markatu zuten, Itsasoko Amak baino 76 zentesima gehiago (21:01:39).
ETE ligan, berriz, estropada bakarra izan dute asteburuan. Igandean Erandion. Erlojupeko modalitatean lehiatu ziren eta sanjuandarrak bosgarrenak izan ziren (11:05,54), Astilleroren, Zumaiaren, Zarautzen eta Kaikuren atzetik. Datorren asteburuan Hernaniko bandera izango dute jokoan Orion, arratsaldeko 15:30ean. Honakoa ere erlojupeko modalitatean izango da.
Amaitzeko, KAE2 ligan Hibaikak asteburuan emaitza politak bildu ditu. Larunbatean laugarren izan zen, bere txanda hasi eta buka menderatu zuen. Igandean, berriz, larunbateko sentsazio onak berretsi eta postu bat gora egitea lortu zuten, hirugarren bukatuz. Sailkapen orokorrean laugarren dira, Busturialdearekin 29 puntutara berdinduta.