Madalenen balorazioa egin du PSE-EEk
Oso kritiko agertu da Errenteriako Udal Talde Sozialista Udal Gobernu Taldearekiko. Inbertsio falta salatu eta aniztasunean oinarritutako festak aldarrikatu dituzte.
Errenteriako Udal Talde Sozialistak festen balorazioa egin du. Lehenik eskerrak eman dizkiete entitate, bolondres eta udal langile guztiei, “haien lana eta esfortzua funtsezkoa izan delako Errenteriarrek jaiez eta momentu ahaztezinez gozatu ahal izateko”.
Eskerrak eman ondoren, segidan, udalaren inbertsio falta kritikatu dute. 2024ko Madalenetako programazioa zabala izan bada ere, festetan baliabide gehiago ezartzea eskatu diote udalari, “lan karga guztia entitate horien gain erori ez dadin”, adierazi du Isaac Palencia bozeramaileak.
Bestalde, jaietan gertatutako eraso matxistak “onartezinak” direla iritzita gaitzetsi egin dituzte eta “gizartetik desagerrarazi” behar direla esan dute irmo. Horretarako prebentzio eta segurtasun neurriak hartzen jarraitzea funtsezkoa dela gaineratu dute.
Festetako kontzertuei dagokienez, “inguruko herrietako kontzertu eskaintza zabala eta anbiziotsua ikusita” errenteriako festetan inbertsio gehiago eta eskaintza zabalagoa falta izan dela esan dute, eta datozen urteetan programazioa dibertsifikatzea funtsezkotzat jo dute. Gainera, txoznagune berrien diru laguntzen inguruko kexak jasotzen ari direla adierazi dute.
Herriko igogailu publikoak ere izan dituzte hizpide; izan ere, horiek jaietan matxuratuta egon dira eta Alabergako edo Kaputxinoetako igogailuek, adibidez, udalaren aldetik berehalako esku-hartzea behar dutela oroitarazi dute. Bestetik, herriko logistikari dagokionez aparkaleku, komun eta paperrontzi gehiago eskatu dituzte.
Bukatzeko, hilaren 20an eskatu bezala, gaurkoan ere politizatu gabeko jaiak eskatu dituzte. “Onartezina da altura hauetan kuadrillen kamisetetan eta tanborrada bateko kamisetetan ETAko presoen logoa agertzea”. Beren ustez jaiek guztien adierazgarri izan behar dute eta ez banatzaile.
Hori guztia esanda aurrerantzean ere Madalenak hobetzeko lanean jarraitzeko konpromisoa berretsi du Errenteriako Udal Talde Sozialistak.