Madalenak "herrikoiak, anitzak eta seguruak" izan direla baloratu du udalak
Jaien giro nagusia "ona eta alaia" izan da udal gobernuaren arabera. Dena den, indarkeria matxistarik gabeko jaiak sustatzeko lanean jarraitzeko konpromisoa berretsi du udalak.
Iragan astean bukatu ziren Errenteria-Oreretako madalenak eta udal gobernuak jaien balorazioa egin du gaurkoan. “Herrikoiak, anitzak eta seguruak” izan dira aurtengo festak eta, festetako giroa, oro har, “ona eta lasaia” izan da.
Dena den, emakumeek jaiak berdintasunean disfrutatzeko eskubidea urratu duten portaerak ere egon direla salatu du udalak, eta “bakar bat ere ez” dela onargarria deitoratu. Gutxiengoaren jarrera ez denez desagertu, udalerriarentzat neurriak hartzen eta jendartea sentsibilizatzen jarraitzeko konpromisoa berretsi du udal gobernuak.
Bestalde, Udaltazingoak jasotako salaketak %37 jaitsi dira iazko datuekin alderatuta. “Errespetuzko eta elkar zaintzaren aldeko jokabideak nagusitu izana pozik egoteko modukoa da” adierazi du udalak.
Bost eguneko festa giroan egon da herria eta udalak eskertu egin ditu Jai Batzordea eta jaiak antolatzen parte hartu duten elkarte, eragile eta pertsona guztiak. Haien lana “ezinbestekoa” dela adierazi dute “jaiak hain osoak eta askotarikoak” izateko eta horren erakusletzat jo dituzte 130 jarduera baino gehiago antolatu izana. Gainera, festa eremu berriak sortzen ari direla nabarmendu du udalak, “festa bizitzeko aukerak ugarituz”.
Herritarrei ere zuzendu zaie udala eta jaiak haiek gabe egitea ezinezkoa litzatekeela gogoratu du. Aitortza egin diete herritarrei “parte hartzeko gogoa eta ondo pasatzeko gogoa” izan dutelako, kasu gehienetan besteekiko “errespetuzkoa eta elkarren zaintzako” giroan. Bestalde, aurtengo omendua DYA izan da eta lehen aldiz herritarren esku egon da hautaketa. Horretarako, herritarrek osatutako batzorde bat eratu zuten.
Gazte Gunearen programazioa erabakitzeko gazteak jarri dituzte aginte makila eskuan. Izan ere, lehen aldiz ere gazteentzako prozesu berri bat ireki zuten sare sozialetan eta hilaren 24ko Gazte Guneko programazioa aukeratu ahal izan zuten.
Bestelako neurriekin segituz, jaiak gero eta inklusiboak izan daitezen saiatu da udal gobernua. Hala, barraken prezioa jaitsi dute egun batzuetan, eta musikarik eta bestelako soinu altu eta sarkorrik gabeko barraka egunak ere antolatu dituzte. Helburua, autismoa eta entzumen hipersentikortasuna dutenek ere horietaz gozatzeko aukera izatea izan da.